Dantza, musika eta antzerki ikuskizunek osatzen dute Berrizko Kultur Etxearen eskaintza berria. Larrua proiektuaren La senior dantza emanaldiak emango dio hasiera denboraldi berriari, urtarrilaren 31n. Pieza honek esperientzia eta heldutasuna aldarrikatzen ditu, eta dantzan eta gizartean adinak eta adinekoek dituzten estereotipoak apurtzeko helburua du; 40 urte baino gehiagoko dantzariek parte hartzen dute.
Antzerkiak pisu handia izango du egitarauan; horrela, Artedramak eta Axutek elkarlanean sorturiko Nor naizen baneki, Markeliñeren Hodei guztien gainetik eta Gorakadaren Moko lanak egongo dira ikusgai; Karrika konpainia durangarraren Hurrengo geltokia eta Anakotz Lasarteren Aitatxo ere taularatuko dituzte.
Antzerkiaz gainera, musikaren arloan Gar talde durangarrak Oraina eskuetan diskoa aurkeztuko du, 360 graduko formatuan, apirilaren 24an. Bestalde, Xabier Amurizak, Arkaitz Minerrek eta Mikel Markezek Gezurrari zor lana aurkeztuko dute.