Gaur hasiko dituzte San Antonio jaiak Berrizen

Aritz Maldonado 2026ko urtarrilaren 16a

Durangaldeko urteko lehenengo jaiak ate joka daude. Hain zuzen ere, gaur, urtarrilak 16, altxatuko dute Donien Atxa Berrizko San Antonio jaiei ofizialki hasiera emateko. 19:00etan, kalejira batek Olakueta eta inguruetako bazterrak zeharkatuko ditu, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta Berrizko Kantulagunak taldeetakoek euren ahotsekin giroa berotzen duten bitartean. Lagunarteko giroan, kantu zaharrak, bertsoak eta lagunarteko giroa zabalduko dute, sagardotegi ibiltariagaz batera; odoloste-jana ere egingo dute plazan. Ondoren, Donien Atxa jasoko dute. Aurtengo ekitaldian, iazko martxoan hil zen Juan Cruz Elvira 'Txapu' omenduko dute. Gaua borobiltzeko, Bidelapurrak taldeak kontzertua emango du Hiltegixe gaztetxean; talde gasteiztarrak hamarkada bat darama folk doinuak plazarik plaza eramaten. Emanaldia 22:00etan hasiko da.

Zapatuan, San Antonio eguna ospatuko dute goizetik. 12:00etan hitzordu bikoitza egongo da; alde batetik, meza Antonio Deunaren baselizan, eta, bestetik, Pontx pailazoaren Denak plazara ikuskizuna. Arratsaldean Disko Festa egongo da probalekuan, eta gauean kontzertuak Gaztetxean. Zain eta Mirotz taldeak eta Tenderete musika jartzailea arituko dira bertan; hainbat urteko etenaldiaren ondoren, Zain laukote berriztarra oholtzetara bueltatuko da gaualdi berezi honetarako. Euren ibilbideko abesti sorta prestatu dute emanaldirako; rock-punk taldea 2005ean sortu zen. Bestalde, Mirotz hirukoteko kideak gasteiztarrak dira; 2023an sortu zuten taldea eta pop doinuak jorratzen dituzte. Hurrengo egunean, domekan, tradizio handiko barazki eta fruitu erakusketa egingo dute probalekuan. Ekitaldiak 44. edizioa izango du eta eskualdeko ekoizleek euren baserri eta lurretako produkturik onenak erakutsiko dituzte bertan. 12:00etan hanburgesa dastatzea egongo da Olakueta plazan, eta, ondoren, Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeetako kideek dantzan egingo dute, ohikoa duten moduan. 

Astelehenean ere, jaia
Berriztarrek zapore bereziko astelehena izango dute hurrengoa. Barrakak merkeago egongo dira umeentzat, baina hori baino garrantzitsuagoa izaten da Olakueta frontoiko hitzordua. Izan ere, 19:00etan hasita, nekazaritza-olinpiadak egingo dituzte. Bertan, kuadrillek hainbat proba egin beharko dute, lehia sanoa nagusi dela. Ikuskizunean txorizo ogitartekoak eta edaria banatuko dituzte. Beste urte batez, giro onak eta barreek jantziko dituzte harmailak. Jaiak amaitzeko, hilaren 24an, 19:00etan, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreek Trajea antzezlana taularatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!