ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Gure alabak ere ez du jakiten zeintzuk proba prestatzen ditugun"

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 18a

Sorkunde Viguera eta Mikel Laskurain senar-emazte berriztarrek urteak daramatzate nekazaritza olinpiadak antolatzen. Astelehenean dute hitzordua, 19:00etan, frontoian. Urtero legez, proba berriren bategaz joango direla aurreratu dute.

Eta, halako batean, baten batek esan dezake nekazaritza olinpiadak ezin direla zuek barik irudikatu. 
Mikel Laskurain: Urte dezente daramagu olinpiadak dinamizatzen, hamabost bat urte edo. Edozelan ere, gu ez gauden egunean, lasai, besteren batek egingo ditu-eta lanok! Ni mikrofonoagaz egoten naiz.
Sorkunde Viguera: Eta ni administrari lanetan! Denborak apuntatzen, epaile lanak egiten.

Izan ere, zuen lanbidea apropos-aproposa da olinpiadak antolatzeko. Biak zarete gimnasia irakasle.
S.V.: Guretzat ez da gatxa izaten halako gauzak antolatzea. Askotan egin izan ditugu halako dinamikak eta talde jokoak ikasleekin. 
M.L.: Gaur egun ere taldeak dinamizatzen lan egiten dugu. Horrenbestez, hemen egiten ditugun jokoak urteetan eskolan ikasitakoak dira. 

Zeintzuk dira proba gatxagoak: eskolakoak ala "beheko jaietan" antolatutakoak? 
M.L.: Hemen sariak daude, eta horrek lehia eragiten du kuadrillen artean. Gero, kuriosoa da sariagaz gertatzen dena. Izan ere, nahiz eta dirua kuadrilla bakar batek irabazi, diru hori denen artean gastatzen dute gero.
S.V.: Polita da hori. Lehia dagoen arren, dena partekatzen dute. Ederra da ikustea kuadrillek elkarregaz bazkaltzeko edo afaltzeko erabiltzen dutela saria.  
M.L.: Gainera, Berrizen ohikoa da belaunaldi desberdinetakoak batzea, askotariko ekintzak elkarregaz egitea, kuadrilla desberdinetakoak batzea.

Txoritxo batek esan digu urtero sartzen duzuela proba berriren bat.
M.L.: Pentsa! Gure alabak ere ez du jakiten zeintzuk proba prestatzen ditugun. Gu bion arteko sekretua izaten dira. Tira, gurea eta materiala erosteaz arduratzen den udal teknikariarena.  
S.V.: Nekazaritza olinpiadak direnez, zuztar horiek mantentzen ditugu. Sokatira, txorokil batzea, zaku lasterketa eta halakoak. Jendeak proba biziak eskatzen dizkigu, hau ikuskizuna delako, azken finean.

Olinpiar Jokoen inbidiarik ez, beraz.
S.V.: Frontoia herriko jendez beterik egoten da eta ez da jatekorik edo edatekorik falta izaten. Jendea ondo pasatzera etortzen da, irribarretsu. Izan ere, jende ezaguna da, herrikoa, eta elkarregaz ondo pasatuta lotura handia sortzen da.
M.L.: Harmailetan ere igartzen da hori. Ikusleen artean umeak, familiak, gazteak zein adinekoak daude. Oso giro polita egoten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!