"Esandakoa betetzeko" eskatu diote berriro Osakidetzari

Aritz Maldonado 2026ko urtarrilaren 15a

Pentsiodunek Berrizko anbulatorioan batzen jarraitzen dute astelehenero, hiru sendagile egotea eskatzeko. 

Berrizko pentsiodunak udaletxetik anbulatoriora jaisten ari dira berriro, protesta legez. Azken urte bietan mobilizazio ugari egin dute eta horietariko asko Osakidetzari konpromiso bat hartu dezan eskatzeko izan dira: Berrizko anbulatorioan zeuden hiru medikuak mantentzea. "Osakidetzak ez du agindutakoa bete. Batzuetan hiru mediku egoten dira, bai, baina ez da bermatzen beti hala izatea. Eta horrek eragina du zerbitzuan, jakina", azaldu zuten astelehenean egindako elkarretaratzean. "Behin-behineko egoera dela diote, baina gero ez dute ezer konpontzen", gehitu zuten. Inguruko beste herri batzuen berri eman eta hango egoerak salatzeko ere baliatu zuten aukera; adibidez, Elorrioko anbulatorioaren kasua aipatu zuten. 

Egoera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu zuten bertaratuek. "Euskadiko osasun sistema ona dela saldu gura digute, baina jada ez da horrela. Ezin diogu gaixoak artatzeari utzi; orain hamabost urteko egoera berreskuratu behar dugu, gutxienez", azpimarratu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!