Plaza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea izan da hamarkada bi baino gehiagoz. Hezkuntza arautuan, bertsolaritza gazteei helarazten dien Mundu Bat bertso programan ibili da. 2004an hasi eta 2022ra arte aritu da horretan, erretiroa hartu arte. Horrez gainera, bertsolaritzari loturiko hainbat dokumentazio lan ere egin du, eta makina bat lan boluntariotan ere ibili da. Hain zuzen ere, elkarteak inurri lan hori eta gazteak bertsolaritzara eta euskarara gerturatzeko egin duen ekarpena ere nabarmendu gura izan ditu. Elkartean erretiroa hartu duen lehenengo langilea ere bada Plaza. Profesionalki ez ezik, Plazak pertsonalki ere lotura estua du bertso munduagaz; izan ere, Xabier Amuriza du bikotekide, eta Miren Amuriza alaba.
Irabazleari txapela janzteko proposamena 'harriduraz' hartu zenuela esan duzu.
Inoiz pentsatuko ez nuen zeregina eskaini zidaten eta benetan harriduraz hartu nuen proposatu zidatenean. "Zuretzat hauxe eta hauxe dakargu", eta zer erantzun jakin barik geratu nintzen, baina, bat-batean, elkartearen inguruan bizitako momentu ugari etorri zitzaidan burura, nire ikasleak, beti ondoan izan dudan lantaldea, bertso saioak... Txapelketa garaian lan desberdin asko egin behar izaten da eta hori guzti hori ere etorri zitzaidan burura. Eta orduan sentitu nuen, "nik hau egin egin behar dut". Hor ez nuen neurtu horrek atzetik eskatu didan lan guztia, ez da behintzat ohituta nagoen lana, baina une batez ere ez naiz damutu "bai" erantzuteaz. Hau oso polita da guretzat. Txapeldun bati txapela neuk ipintzeak, neu ibili naizen arloan, zelanbait esateko, erakusten du nire ekarpentxoa egin dudala. Esate baterako, umetatik ezagutzen ditut finalera heldu diren Durangaldeko hiru bertsolari gazteak. Niretzat bertso eskolako ikasleak izan dira beti, bertso eskolako zaparroak, eta begira, finalera heldu dira aurten! Eta batek daki, baliteke euretariko bati janztea txapela. Ederra litzateke! Horrek harro sentiarazten nau. Esango nuke finala emoziotik biziko dudala, batez ere. Opari ederra eman didate eta oso eskertuta nago Elkarteari.
Elkartean egindako inurri lan horri aitortza ere bada, zelanbait.
Nirea ere baden neurrian, Elkartean boluntario lana egin izan dut beti. Txapelketetan, kasurako, eta beste zeregin askotan ere bai. Beraz, zer gutxiago ekarpen hori egitea baino. Eta, nire lanbidea ere izan denez, aitortzak bietatik du. Horregaitik diot Elkartea neure ere sentitzen dudala.
Zapatuko finala emozioz biziko duzula esan duzu. Zelan ikusten duzu finala?
Oso lasai bizi izango dut. Bertsolari guztiak lagun ditut eta denak maite ditut. Bertsozaleetariko asko ere ezagutzen dut, urte luzez elkarregaz ibili garelako saiorik saio. Eta jende berria ere ezagutu dut. Beraz, emozio handiz biziko dut eguna. Beste txapelketa batzuetan larriago egon izan naiz, etxekoek parte hartzen zutelako, besteak beste. Baina aurten gozamenez eta emozioz bizi izango dut, batez ere. Eta harrotasunez ere bai, nire lana eskertzeko motibo bat eman badut zeozer ondo egin dudan seinale delako. Oso eskertuta nago aukera hau eman didatelako.
Ausartzen zara pronostikoa egin eta txapela Durangaldera etorriko den esatera?
[Barrez] Zortzi bertsolariak ditut lagun eta denak maite ditut; finalistetariko bakoitzari txapel bat ipiniko nioke, baina hori ezin da. Badaukat faborito bat, bai, baina gurago dut txapela ipintzean esatea "hau da" edo "hau izan da". Egia esan, aukera handia ikusten dut txapela Durangaldera ekartzeko.