"Eleberri hau ez da Z belaunaldiarentzat bakarrik"

Aritz Maldonado 2025eko abenduaren 12a

Iaz Augustin Zubikarai saria irabazi eta gero, Julen Apella idazle berriztarrak Sakelako bihotzak nobela kaleratu du aurten. Nerabezaroaren eta helduaroaren arteko linboan dauden Jokin eta Felix dira nobelako protagonistak. Z belaunaldikoen argazkia ez ezik, beldurra, maitasuna, komunikazio eza eta halako gai unibertsalak jorratzen dituen lana ere bada Apellarena. Berriztarrak poesiatik eleberrirako jauzia egin du, estilo propioari eutsita. Berrizko Hiltegixe gaztetxean eta Durangoko Hitz liburu dendan aurkezpenak egin eta gero, Durangoko Azokako Ahotsenean ere aurkeztu zuen liburua, abenduaren 8an. Oraindino "goizegi" den arren lanak izandako harrera neurtzeko, Apella pozik dago jasotzen dabilen mezuekin. 

Hiltegixe gaztetxea bete egin zenuen liburuaren aurkezpenean. Pozik?
Oso pozgarria izan zen, jende asko joan zen gaztetxera eta oso babestua sentitu nintzen. Jende askok agertu du interesa liburuagazko, eta Hiltegixeren moduko leku batean aurkeztu ahal izatea berezia da niretzat; gune autogestionatu batean egin ahal izatea, eta, gainera, nobelan ere gaztaroko gaiak lantzen diren neurrian, egokia zen eta niri ilusioa egin zidan bertan aurkezteak.

Gazteen artean irakurzaletasunak gora egin duela esango zenuke?
Ez daukat estatistikarik, baina badaukat sentsazio bat horrela dena. Belaunaldi batzuetakoek esan izan dute belaunaldi gazteagoek ez dutela irakurtzen, eta nik nire ingurura begiratzen dudanean gauza interesgarriak ikusten ditut. Ikusten ditut B bandako gazteak literatur bandak sortzen, hor daude gaztetxeetan antolatzen dabiltzan irakurle taldeak, Gasteizko Azpimarra eta Durangoko gaztetxe berrian sortutakoa, adibidez. Oso albiste pozgarriak dira niretzat, literaturaren inguruan oso interesgarria den sare komunitario bat sortzen duelako. Beharbada, lan asko argitaratzen da gaur egun, baina kostatu egiten da lan horiek sozializatzea, eta, horretarako, oso komenigarria izaten da espazioak edukitzea. Horrek hainbat aukera ematen du, obren bizia luzatzen du, kolektiboki hausnartzeko espazio bat eskaintzen du...

Gazte bi dira eleberriko protagonistak.
Bai, 21 urteko Jokin eta Felix. Adin hori aukeratu nuen nerabezaroaren eta helduaroaren arteko katebegi bat iruditzen zitzaidalako; 2023an dago girotuta, pandemiaren eta berrogeialdiaren testuinguru horretan. Esango nuke hor badagoela belaunaldi bat berrogeialdian nerabe zela sartu zena eta nerabezaro hori atzean uzteko beharragaz irten zena, baina oraindino heldu funtzional izateko gaitasunik barik, halako linbo moduko batean. Horixe da nobelaren abiapuntua. Baina ez da liburu bat Z belaunaldiarentzat bakarrik. Literaturak gai unibertsalez berba egiten du, eta bertan maitasuna, desira, beldurra, inkomunikazioa... agertzen dira. Alde horretatik, dena nahiko naturala izan da. Gai unibertsal horiek norberaren testuingurura zelan egokitu da gakoa. Errealitate bat islatzen duzun neurrian, lotura gehiago edo gutxiago agertuta, errealitate sozial edo politikoari ezin zaio izkin egin. Nik eleberri garaikide bat egin gura nuen, eta, beraz, elementu horiek natural agertu dira. Eider Rodriguezek aurreko batean aipatu zuen literaturan oportunismo puntu bat egoten dela, gaur egun, adibidez, osasun mentalari buruz berba egitea izan daitekeena; ni ere hortik ihes egiten ahalegindu naiz. Nire inguruan dagoena kontatzen ahalegindu naiz, bere argiekin eta bere itzalekin, ertzak arakatuta eta gure errealitateko konplexutasunak kontuan hartuta.

Beharbada, moduren batean Z belaunaldia agertzen da erretratatuta, baina ez dakit, ageri diren problematiketariko asko unibertsalak dira, inor ez da salbu egon; denok sentitu dugu zoriona, denok sentitu dugu beldurra, denok izan ditugu gorabeherak hartu-eman afektiboetan, denok sentitu gara galduta gure bizitzetako zenbait etapatan, eta hori adin askotan sentitu daitezkeen gauzetara estrapolatu daiteke. Beraz, aldarrikatu gura dut nobela hau ez dagoela bakarrik Z belaunaldikoei zuzenduta.

Poesiatik eleberrira jauzi egin duzu. 
Prozesua desberdina izan da, baina badaude antzekotasun batzuk; tonuan eta gaitegian, esate baterako. Poesian agertu zitzaizkidan kezka batzuk oraingoan ere agertu zaizkit. Oraingoan ere beka baten bitartez idatzi dut liburua. 

'Postal bat desertuan' kaleratu zenuenean ere, iruzurtiaren sindromeaz aritu zinen. Bigarren saria duzu hau, bigarren kanpo aitortza. Hasi zara sinesten idazlea zarela?
Orain bai, orain berme hori sentitut dut, epaimahai batek berriro nire proposamena babestuta. Sorkuntza prozesua beti da gorabeheratsua eta beti dituzu kezkak. Ez bakarrik iruzurtiaren sindromeagaitik. Egiten duzun horrek balio duen ala ez galdetzen diozu zeure buruari. Bestalde, inpertinentziaren sindrome moduko bat ere aipatuko nuke; mundua zelan dagoen ikusten duzu, gertatzen babiltzan gauzak ikusten dituzu, genozidio bat zuzen-zuzenean, adibidez, edo lan-prekaritate izugarriagaz inguratuta gaudela, etxebizitzen prezioa jasanezina dela, eta hor zaude zu nobela bat idazten. Horrek ere kezka sortzen dit, pentsatzen dudalako ea zein ekarpen egin dezakedan eleberriagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!