Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko Txapeldunari

A. M. 2025eko abenduaren 1a

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari Arantza Plazak jantziko dio txapela; Berrizen bizi da Plaza. Urte luzeetan bertsolaritzaren transmisioan egindako lana saritu gura izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Finala abenduaren 20an izango da, Bilboko Casillan. 

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egiten den beharrari egin gura izan dio gorazarrea. 2004an hasi zen Arantza Plaza Zamora (Gizaburuaga, Bizkaia, 1958) eskoletan bertsolaritza irakasten, eta behar horretan aritu da 2022ra arte. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da Plaza. Bi hamarkadatan, hainbat errealitate ezagutu dituela nabarmendu dute Bertsozale elkartetik. "Egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txkiak, hiriburua eta herriak... Kasu guztietan ederto moldatu da". Hezkuntza arautuan ez ezik, elkarteko beste hainbat proiektutan ere parte hartu duela azpimarratu dute. "Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez, tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio beharretan".

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere gertutik bizi izan du Plazak; boluntario beharrak egin ditu, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!