Zergaitik antolatu duzue Ikasle Eguna:
Elorri Katarain: Hezkuntza euskaldun bat aldarrikatzeko dinamika batean dago Ikama une honetan, ikusita euskararen kontrako oldarraldi judizial, sozial eta orokor baten aurrean gaudela. UEMAk 2036rako eusararen arnasgunerik ia ez dela geratuko esan du, egoera larria da, eta euskara berpiztearen aldeko diskurtso hori berreskuratu gura dugu, ulertzen dugulako hezkuntzatik ere egin behar dela.
Lorea Sudupe: Ikastetxeetan ere egoera hori islatzen da. Gainera, hein batean, guk bizi dugun egoera ez da hain kritikoa, D ereduan ikasteko aukera dugulako, Ipar Euskal Herrian edo Nafarroako zonalde batzuetan ez bezala. Horrez gain, ulertzen dugu ez dela balore euskaltzaleen transmisioa eta euskeraren normalizazioa bermatzen. Horren harira antolatu dugu Ikasle Eguna, Durangaldeko ikasle eta militanteak saretzeko, politizatzeko, eta bidez batez, aisialdirako.
Greba deitu duzue abenduaren 11rako:
E. K.: Greba eta mobilizazioak deitu ditugu abenduaren 11rako; Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditugu. Durangaldetik Bilbora, trenez joango gara. Orain artean asanblada irekiak egin ditugu egoerari buruz hausnartzeko, euskararen egoera azaltzeko eta institutuetako gabeziez hausnartzeko.
L. S.: Ikasleen gehiengoa eta gu ere egoera honen aurrean arduratuta gaude. Horregatik, uste dugu ikasle mugimenduak Euskalgintzaren olatura bat egitea behar beharrezkoa dela. Beraz, dei egiten diegu, durangaldeko ikasle orori Abenduak 11ko grebarekin bat egiteko, eta manifestaziora gurekin hurbiltzeko.
Zein da Ikamaren egoera Durangaldean?
E. K.: Gero eta ikasle gehiago gara. Durangaldean, lau ikastetxetan dauzkagu taldeak: Durangoko Durango BHI institutuan eta Ibaizabal Ikastolan, Iurretako Juan Orobiogoitian eta Zornotzako Urritxen.
L. S.: 2020ko irailean sortu zen Ikama, eta 2024ko abendutik aurrera unibertsitateetan ere hasi da antolatzen, baita Lanbide Heziketa duten zentroetan ere. Zabaltzen goaz eta gure aldetik ikasleon problematikak lantzen jarrituko dugu.
Ikasle Eguna
-
14:30ean, bertso bazkaria Enara Gallastegi, Urko Arakistain eta Iradi Barrenetxea.
-
18:00etan, mahai ingurua Ikama eta Euskal Herrian Euskarazeko kidekin: 'Euskararen auzia Euskal Herrian eta Heziguneetan'.
-
20:00etan ikasle karropoteoa.
-
22:00etan, DJ eskaintza: Lumatzak MJ, Tenderete MJ, DJ Pan con txitxarron eta Etxeparra MJ.
• Goizaldean, gosaria.