Datorren domekan, azaroak 30, Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusiaren aldi berri bat lehiatuko da Berrizburu inguruan. 300 parte-hartzailetik gora espero dira Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren egutegiaren barruan dagoen probarako.
Berriz Bizikletari Elkarteak eta Udalak antolatuta, lasterketak Marino Lejarreta belodromo, Iñaki Lejarreta BTT zirkuitu eta Berrizburu inguruetan garatuko dira. Ibilbideak 2,8 kilometro inguru ditu eta antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten elementu protagonista bat izango du: lokatza. "Lokatz dexente egongo da", adierazi du Roberto Gomez Berriz Bizikletari Elkarteko kideak, zirkuituari aldaketa txiki batzuk egin dizkiotela gaineratuz ikusgarriagoa egiteko.
Lehiaketa 10:00etan hasiko da Master mailako lasterketekin. Ondoren hainbat kategoriatako lasterketen txanda izango da, elite mailara heldu arte. Emakumeen opena 12:00etan hasiko eta gizonena, 13:00etan.
Faboritoak
Elite mailako faboritoen artean iazko irabazleak daude: Iñigo Gómez gizonetan eta Ainara Elbusto emakumeetan. Gizonetan Aitor Hernandez beteranoa ere aipatuko daiteke hautagaien artean. Gazte mailan lehia estua espero dute, Bizkaiko txapelduna eta txapeldunordea joango direlako: Markel Mateos eta Cafe Dromedario Flotamet taldeko Ander Mendizabal durangarra, hurrenez hurren. Mendizabalek Zuiako ziklo-krosa irabazi zuen joan zen asteburuan eta sasoian dago. Maila berean baina nesketan, Maddi Saizar, Maixa Odriozola, Bizkaiko txapelduna den Jone Ortega eta Lidia Castro de la Serna dira faboritoak. Azken hori Valladolidekoa da eta orain urte bi, kadeteetan zebilenean, Espainiako txapelketa irabazi zuen.
Parte hartzerik handiena kadete mailan izango da. Kuriositate moduan, mutiletan irabazteko faboritoa Telmo Hernandez da, Aitor Hernandezen semea.
Zapatuan txirrindularitza eskolen topaketa
Domekako hitzordu nagusiaren aurretik, zapatuan, azaroak 29, harrobikoen txanda izango da. Durangaldeko Bizikleta Eskolak umeentzako ate irekien jardunaldia antolatu du Iñaki Lejarretaren omenezko BTT zirkuituaren inguruan. Ginkanak eta puzgarriak ere egongo dira, 15:30etik aurrera. Parte hartzea doakoa da eta izen-ematea egunean bertan egin daiteke.
AZAROAK 29, ZAPATUA
- 15:30-16:30 Txikiak CX zirkuituan. Nagusiak ginkanan.
- 16:30-17:30 Nagusiak CX zirkuituan. Txikiak ginkana.
AZAROAK 30, DOMEKA
- 10:00 Master 40/50/60.
- 11:00 Kadete neskak eta mutilak.
- 12:00 Emakumeen Opena. Junior neskak eta mutilak.
- 13:00 Gizonen opena. Master 30.
- 14:00 Sari banaketa.