"Bezeroekin partekatu gura dugu ospakizuna"

Aitziber Basauri 2025eko azaroaren 21a

Zapatuan 25 urte beteko dira Fonda tabernak ateak zabaldu zituela. Esker ona emateagaz batera, urteurrena elkarregaz ospatzera gonbidatu dituzte berriztarrak. Aitor Urtiaga Mallabiabarrenak (Berriz, 1961) 40 urtetik gora eman ditu tabernari. Ostatu ere izandako Urtiaga tabernan hasi zen, Enrike aitagaz. Orain, semea du bidelagun. Andoni Urtiaga Arrizabalaga (Berriz, 2000) Berrizko Fondako bosgarren belaunaldia da. 

Aitor, Urtiaga taberna zenaren lekukoa hartu zenuen Fonda tabernan. Tabernarien familiako laugarren belaunaldia zara. 
Aitor: Tabernari lez historia bat dugu, bai. Gure birraititak zabaldu zuen Urtiaga taberna Berrizen, eta 100 urte baino gehiagoan egon zen zabalik. Garai batean ostatua izan zen, eta jatetxea ere bai. Berrizko Fonda izenagaz zen ezaguna. Eraikin hura familiaren etxea ere izan zen. 1998an bota zuten.  

Urtiaga tabernan hasi zen zure lotura ostalaritzagaz, Aitor?
Aitor: Bai, 21 urtegaz aitagaz tabernan lanean hasi nintzen. Itxi zenean, tailer batean urte bi egin nituen, beste esperientzia bat bizi guran. Baina ez zitzaidan gustatu. Jendeagaz hartu-emana izatera ohituta nengoen, horren premia neukan. Eta Fonda taberna zabaldu nuen, Urtiaga zegoen tokian.

Garai bateko Berrizko Fondan bezero ilustreak izan zenituzten. Fondako hormek gorde dute sekreturik?
Aitor: Iruditzen zait berriztarrak zirela bezerorik ilustreenak: Chaparro, medikua... Sekreturik egon bazen, geuk bakarrik dakigu.
Andoni: Tabernara datozen bezero guztiak dira ilustreak.

Asko aldatu da bezero mota?
Aitor: Bizi dugun egoera aldatu da. Lehen tabernara errazago etortzen zen, lantokietan ez zegoen hainbeste errelebo, hartu-emana handiagoa zen, kuadrillak gehiago elkartzen ziren...
Andoni: Bai. Gazteek ere tabernarako ohitura gutxiago dute.

Tabernaria jaio ala egin egiten da?
Aitor: Ez dakit, ba! Bertan lanean ikasi dut dakidan guztia. Bezeroa zerbitzatzeko nago, eroso sentiarazteko. Hala ere, tabernari lez atzean geratu naizela esango nuke, gazteak askoz ere prestatuago daude. Batek daki hurrengo belaunaldiak jarraituko duen, baina nik asko disfrutatu dut barraren atzealdean. Oso momentu latzak bizi izan ditut, baina oso bizipen onak ere bai [hunkituta]. Dena dela, pazientzia handia behar da.

Andoni, hurrengo belaunaldia zara. 
Andoni: Bai. Galdetu digute ea Fondak jarraituko duen. Baina momentua heldu arte ez dakit esaten. Irakaslea naiz, eta tabernaria ere bai. Biak uztartzen ditut.

Zelan ospatuko duzue?
Andoni: Bertsolariak eta trikitilariak izango ditugu. Eta gauean kontzertua. Bezeroekin partekatu gura dugu ospakizuna. Eta esker ona erakutsi.
Aitor: Neurri handi batean eurengaitik gaudelako hemen. Gugaz ospatzera gonbidatu gura ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!