Zelan heldu zitzaizun eskultura sortzeko aukera?
Juan Ramon Etxebarriaren eskutik heldu zitzaidan proposamena. Manabiko San Isidro herrian abade izan zen bera urte askoan, eta erretiratu zenean amestutako proiektua ipini zuen martxan: montubia kultura zabaldu eta ikertzeko helburuagaz, Raíces y Sueños Fundazioa sortu zuen orain zazpi urte. Apiril inguruan, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean bat egin genuen biok, eta Montubia Kulturaren Museorako eskultura bat sortzea proposatu zidan. Ekainaren 15ean joan nintzen Ekuadorrera, eta ia abuztura arte egon nintzen han.
Zelakoa izan zen prozesua?
Lehenengo eurekin egon nintzen, hango kultura ezagutzeko, zer gura zuten jakiteko. Bada, Manabiko labea Ekuadorko kultur ondare izendatu behar zutela jakin nuen. Izan ere, 2026an, Manabí Munduko Gastronomia Eskualdea izango da. Bada, hortik hasi nintzen lanean. Manabiko gastronomiaren oinarria izan da betidanik labe hori.
Zelakoak ziren labe horiek?
Hiru zulodun zeramikazko mahai baten azpian egiten zuten sua, eta zulo bakoitzean buztinezko lapiko bat ipintzen zuten, parrilla baten gainean. Labe berezi hori dantzan ipini gura izan dut. Izan ere, asko hunkitu ninduen dantzak montubia kulturan duen garrantziak. Horregaitik, mahai zuzen bat ipini beharrean, dantzan dagoen mahai bat islatu gura izan dut. Horren inguruan lapikoak eta kea irudikatzen duten hagaxkak ipini ditut. Garai bateko otorduak ekarri gura izan ditut gogora: denak kearen inguruan elkartuta, berbetan. Izan ere, hangoek oso gogoan dute labe edo sukalde haietan sortzen zen kea. Iruditu zitzaidan ke horrek batzen dituela.
Sei metroko egitura sortu duzu. Zelako harrera izan du?
Burdinagaz landu dut mahaia, eta labea hormigoizkoa da. Gainean, airean baleude legez, benetako ontziak ipini ditut, kea irudikatzen duten hagaxkez inguratuta. Asko gustatu zaie eta ni ere oso pozik nago emaitzagaz.
Zer iruditu zaizu Ekuador?
Hunkigarria. Paradisu bat da, eta jendea oso abegitsua. Hangoa legez sentitu nintzen lehenengo egunetik. Maitagarriak dira. Asko harritu nau ez dutela buztina edo zeramika lantzen, batere ez. Herrialdeak buztinagaz duen lotura historikoa kontuan hartuta, asko harritu nau 80 urtetik gorakoek bakarrik gogoratzen dutela arbasoek buztina lantzen zutela.
Bueltatuko zara?
Ez dut datarik baina joango naiz, seguru!