Berrizko Memoriaren eta Giza Eskubideen taldeak deituta, frankismoaren biktimen aldeko oroimen ekitaldia egingo dute datorren eguenean, hilak 11. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Oroimenaren Bideagaz. Udaletxeko parketik irtenda, panel berria inauguratzeko ere baliatuko dute ekitaldia. Ondoren, Gerra eta errepresioa, Berriz 1936-1939 liburu proiektuaren aurkezpena egingo dute. "Justiziaren eta askatasunaren alde borrokatuta erakutsi ziguten bidea, eta horregaitik gogoratuko ditugu beti giza eskubideak eskatuta", adierazi dute taldekoek. 1937ko irailaren 11n Felipe Urtiaga eta José Agirre berriztarrak fusilatu zituzten Derion. Urte bereko abuztuan, Gregorio Urkijo fusilatu zuten, eta urte batzuk geroago Fermin Aranguren, Asturiasen.