45 urteko jarduna aitortzeko, Udal Kontseiluari eman diote aurtengo San Pedro eta Santa Isabel jaietako pregoia irakurtzeko ardura. Hain zuzen ere, kontseilua 1980tik dago martxan, eta elkarteak lehenengo urratsak eman zituenetik dago José Chávez bertan. "Udal demokratikoak lortu berritan, herritarren parte hartzea bultzatzea zen kezketariko bat, eta hortik sortu zen Udal Kontseilua", argitu du Chavezek. Ia mende erdiko ibilbidean, ibilbide gorabeheratsua izan du, baina etenik bakoa. "Kontseiluak bizi propioa du, jende berria sartzen da, bere krisiak ditu, baina 45 urteren ondoren hemen jarraitzen dugu", azaldu du Maria Jesus Garciak. Kontseiluan urte batzuk geroago sartu arren, 80ko hamarkadatik dabil bera ere bertan. Gaur egun lan boluntariorako unerik gozoena bizi ez arren, gogotsu daudela nabarmendu du Felix Arrizabalagak ere: "Gizartea aldatu egin da urte hauetan guztietan, beharrak eta erronkak ere bai, eta kontseilua horretara ere ohitzen da". Gaur egun immigrazioa da elkartearen lehentasunetariko bat. "Arazoak ikusarazi egiten ditugu, eta handia izan da Berrizen kontseiluak egin duen ekarpena. Kontu batzuk egonkortu egiten dira, baina berriak sortzen dira. Orain, adibidez, etorkinekin lan egiten dugu, Olakueta etxeko jendeagaz batera", azpimarratu du Rosa Ostogainek; bera ere bidean egon da ia urte hauetan guztietan. Etorkizuneko erronkei ere itxaropentsu eusten diete. "Krisialdietan ere ikasten da, geratu, pentsatu, hausnartu eta berkokatzeko", gehitu du Garciak.
Jaietarako gogotsu
Chavezen berbetan, jaiak aukera ona dira herritarrek elkar ezagutzeko. "Herriko jaiek batzen dute jenderik gehien herrian. Ezagutzen ez dituztenak ere erakartzeko modu ederra dira jaiak, denonak direlako", azaldu du. Horregaitik, gogotsu daude jaiak hasteko.
Pregoiari dagokionez, ondo pasatzeko mezuaz gainera hausnarketarako mezua ere bota du Chavezek: "Munduan bizi dugun egoera ikusita, sekulako zortea dugu txupinazo bat bota ahal izateaz".