Amaraune mendi proba lehiatuko dute zapatuan

Anboto 2025ko eka. 20a, 13:00

Durangaldeko Kopako lehenengo lasterketako argazkia

Berrizko Amaraune mendi lasterketaren laugarren aldiak orain arteko harrerarik onena izan du. Lasterketa luzearen eta laburraren artean, ia 300 parte hartzaile batuko dira. Durangaldeko Kopako bigarren lasterketa izango da.

Berrizko Amaraune mendi lasterketak laugarren aldia egingo du zapatu honetan, eta izen ematea ia agortu egin dute. Lasterketa laburrean 150 parte hartzaile izango dira, eta luzean 145. Beraz, ia 300 korrikalari batuko ditu guztira. Antolatzaileak "oso pozik" daude lasterketaren harreragaz, eta Durangaldeko Kopara batzeak egindako "mesedea" azpimarratu dute. "Oiz inguruan probak antolatzen ditugunoi Kopak mesede egin digu". Egun berean Burdin Hesia lasterketa jokatuko da, eta, hala ere, Amarauneko izen ematean gorakada izan dugu", esan du Amaraune Mendi Kirol Elkarteko Aiert Agirrek. Lau urtez geratu barik egindako lan konstantea ere faktore garrantzitsutzat jo du parte hartzea handiatzeari dagokionez. Eta hurrengo urteetan ere berdin jarraitzea itxaroten du. "Mendi lasterketen munduan hasten dabiltzanentzat ibilbide aproposa da eta hurrengo aldietan ere parte hartzera gonbidatzen ditugu", adierazi du. 

Lasterketa biak Elizondo plazatik hasiko dira, 09:00etan. Lasterketa luzeak 21 kilometro ditu, eta 1.100 metroko desnibel positiboa. Bidean Berrizko hiru mendi zeharkatzen dira: Sarrimendi, Gaztelumendi eta Oiz. Laterketa laburrak 12 kilometro ditu, eta 500 metroko desnibela. Ibilbide biak urterokoak dira, baso landaketen ondorioz egindako "aldaketa txiki" batzuk salbu, antolatzaileen esanetan.

Iazko proba luzean Iñigo Alzola eta Maria Delgado nagusitu ziren. Aurten ez dira etorriko. Baina bigarren sailkatu zirenak irteera puntuan egongo dira: Irazu Aranburu mallabitarra eta Maialen Artiach elorriarra. 

Umeentzako probak
Urtero legez, antolatzaileek mendi lasterketetarako afizioa sortzeko ere baliatu gura dute hitzordua. Horregaitik, lasterketak irauten duen artean, umeentzako jolasak eta laterketa laburrak egongo dira Elizondo inguruan. Horrela, lasterketaren inguruan jai-giroa sortzea dute helburu.

Durangaldeko Kopa barruko bigarren proba

Amaraune lasterketa Durangaldeko Kopako bigarren proba puntuagarria da. ANBOTO Kopako babeslea da eta gertuko jarraipena egingo dio zapatuko lasterketari, www.anboto.org atarian. Besteak beste, lasterketaren kronika eta argazkirik onenak egongo dira ikusgai. 

Une honetan Nora Narbaiza eta Irazu Aranburu dira Kopako liderrak. Eurek irabazi zuten Kopari hasiera eman zion lasterketa: Mallabiko 7 Pago. Gizonetan, Xabat Manzisidor dago bigarren postuan, eta Ander Jauregi hirugarrenean; emakumeetan, Itsasne Urkiaga eta Maialen Artiach daude kokatuta Narbaizaren atzetik. Berrizkoaren ondoren, Zaldibarko ZalduTrail dator, uztailaren 12an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!