Andikoako Asentzio jaiak, gaurtik aurrera Berrizen

Anboto 2025ko mai. 30a, 11:33

Berrizko Andikoa auzoa jaietan murgilduko da gaur, 18:00etan; izan ere, orduan jasoko dute Donien Atxa Asentzioei hasiera emateko.

Auzoko dantzariek Dantzari dantza egingo dute gero, eta, iluntzea girotzeko, Belharra taldeak kontzertua emango du santutegian. Zapatuan Juan Karlos Arriaga memoriala egingo dute, ohiko kronoigoeragaz; auzoko trikitilariek kirol proba girotuko dute, eta Iñaki Etxezarraga 'Etxe' abeslariak esatari lanak egingo ditu. Zapatua borobiltzeko, Iruri Altzerrekak eta Onintza Enbeitak bertsotan egingo dute, 19:30ean. Domekan, Iremiñeko kideek dantzan egingo dute, eta, ondoren, Karmele Gisasola 'Zelai III.'-ak, Ioritz Gisasola 'Zelai IV.'-ak, Goizeder Abendibarrek, Izei Abendibarrek eta Aritz Abendibarrek herri kirolen erakustaldia egingo dute. Datorren zapatuan amaituko dituzte jaiak, umeentzako oihal tailerragaz; 20:30ean, auzotarrek elkarregaz afalduko dute, Mirari eta Aintzane trikitilariak lagun izango dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!