Liztor asiarra harrapatzeko sasoirik onena udaberria dela iritzita eta iazko kanpainaren arrakasta ikusita, Erlete erle elkarteak eta Urkiola Landa Garapenak liztor asiarraren aurkako prestakuntza jardunaldiak antolatu dituzte aurten ere. "Iazko ekinaldian 10.000 liztor baino gehiago harrapatu ziren sasoi berean", nabarmendu du Erramun Osa Urkiola Landa Garapeneko presidenteak. Kanpainaren onuradunak, herritarrak ez ezik, inguruetako gainerako espezieak ere badira, eta baita erlezainak ere. "Ekimen honegaz, sentitzen dugu ez gaudela bakarrik. Aurretik norbanakoak ere izan ditugu laguntzen, baina orain, sare honegaz, askoz ere babestuago sentitzen gara", azaldu du Hegoi Eskuderok. Martxoaren 31n berbaldia emango dute Zornotzan, eta hurrengo egunean Zaldibarren. Bertan, liztorrak harrapatzeko tranpak eta likidoa banatuko dituzte, bina boluntarioko. Josu Albizuri eta Maite Azpitarte boluntario aritu ziren iazko ekinaldian, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte. "Nire kasuan, nire kontura saiatzen nintzen liztorrak harrapatzen; iazko formakuntzri esker, asko ikasi dut, baita gakoak ere. Pikuen uztan asko igarri dugu, adibidez", azaldu du Josu Albizurik. Maite Azpirik ere, batzarrean ikasitakoa nabarmendu du. "Taldea egiteko ere balio izan dit, antzerako egoeran dagoen jendearengana hurbiltzeko".
- Martxoak 31, astelehena, Zornotzan, Jokin Agirregoikoaren berbaldia, Zelaieta zentroan. 18:00etan.
- Apirilak 1, martitzena, Zaldibarren, Iñaki Narbaizaren berbaldia, liburutegi zaharrean. 18:00etan.