"Mihisea hartu eta margotu, horixe da borrokatzeko dudan modua"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 14a, 13:30

2023ko urrian, bizileku zuten Libano atzean utzi eta Euskal Herrira heldu ziren Rouhaifa Kassem artista eta bere familia palestinarra, Berrizera. Hile batzuk bertan pasatu ondoren, Bilbora lekualdatu dira oraintsu. Berrizen igarotako denboran margoturiko koadroekin erakusketa egin dute herriko Kultur Etxean; hilaren 11ra arte egon da ikusgai. Artista honi, bere lanei, eta Palestinari buruz gehiago jakin gura dutenek beste aukera bat izango dute martxoaren 21ean, 22an eta 23an, Zaldibarko liburutegi zaharrean. Kassem pozik dago erakusketak egunotan izandako harreragaz.

Zelako lanak batzen ditu erakusketak?
Erakusketaren izenburuak dioen moduan, lanek Palestinako kausa eta borroka transmititu gura dute. Margolanetan, Gazako eta Zisjordaniako emakumeen eta umeen sufrimendua ageri da bereziki, baina Palestina osokoa ikusi daiteke; gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dute erakusketa, eta emakume palestinarren pazientzia, sufrimendua eta borroka ere ikusten dira. Erakusketak mezu bat du: orokorrean Ekialde Hurbilean zer gertatzen dabilen jakitea jendeak, batez ere Palestinan. Herritarrek bizi duten terrorea, presoak, tortura... ere erakusten ditut. Gertatzen dabilena artista palestinar baten eskutik ezagutzeko aukera da.

Margolanak Berrizen egin dituzu?
Baten bat nigaz ekarritakoa da, baina gehienak Berrizen bertan margotu ditut. Gehiago ere egin ditut, baina erakusketa honetarako horrela ondo geratzen dela uste nuen. Hau lehenengo pauso bat izatea gustatuko litzaidake, eta aukera ona dela uste dut, gainera, berriztarrei, udalari eta Kultur Etxeko kideei erakutsitako babesa eskertzeko. Martxoan zehar Zaldibarren eta Bilbon ere egingo ditut erakusketak. Herrialde osoan zehar egin gura ditut erakusketak.

Zelan eragiten dizu Palestinan gertatzen dabilenak margotzerakoan?
Ikusten ditudan irudiak margolanen bitartez adierazten ditut. Nire herriak lez, nik ere sufritu egiten dut. Gurago nuke beste zeozer margotu, emakume eta ume alaiak, adibidez, baina oraingoz ezin dut. Sufrimendu hau ezagutaraztea gura dut.

Zaldibarren eta Bilbon ere egingo dituzu erakusketak. 
Mundu guztian zehar zabaldu gura dut Palestinan gertatzen dabilena. Badakigu Mendebaldean Israelek zabaltzen duen mezua oso onartua dagoena, eta lan handia egin behar da hori aldatzeko: kulturan, kirolean eta beste arlo guztietan ere. Jendeak jakin egin behar du askatasunaren alde borrokan dabilen herri bat dagoela.

Margotzen jarraitzen duzu?
Bai, egunero. Irudi bat ikusi edo ideia bat dudanean, mihisea hartu eta margotu egiten dut, horixe da borrokatzeko dudan modua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!