Hitzarmena sinatu dute Berrizko etxebizitza bat gizarte-zerbitzuetara bideratzeko

Anboto 2025ko urt. 28a, 14:14

Orlan Isoird Berrizko alkatea eta Idoia Otaduy Mankomunitateko lehendakaria.

Durangaldeko Mankomunitateak eta Berrizko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute Berrizen dagoen etxebizitza bat aldi baterako gizarte-zerbitzuetara bideratzeko, aldi baterako. Gizarte larrialdiko egoeran eta gizarte-bazterkeria arriskuan daudenei laguntzeko helburua du akordio honek. Hitzarmena lau urterako izango da, luzatzeko aukeragaz. 

Mankomunitateak jarraipena egiteko konpromisoa hartuko duela azaldu du, etxebizitza "ezarritako helburuetako soilik" erabiliko dela egiaztatzeko; etxebizitzaren gastuak ere, bere gain hartuko ditu. Bi erakundeetako ordezkariek osatutako jarraipen batzordea sortu dute, baita ere, eskualdeko gizarte zerbitzuen politikak ere koordinatuko dituena. Idoia Otaduy Mankomunitateko lehendakariak lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. "Babes sozialeko sarea indartzeko eta pertsona zaurgarrienek behar duten arreta jasoko dutela bermatzeko garrantzitsua da elkarlan hau. Mankomunitatean lanean jarraituko dugu pertsona horiek babestuta senti daitezen. Ildo horretan, garrantzitsua ikusten dugu gure baliabideen eskaintza handitzea, eta horretarako, azken urtean hainbat udalekin sinatu ditugun lankidetzak bilatzen jarraituko dugu". Orlan Isoird Berrizko alkateak ere erankundeen arteko elkarlana nabarmendu du. "Eskualde gisa prestatzea ahalbidetuko du, larrialdietan do gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonei ostatu hartzeko erantzun hobea emateko. Mankomunitateari lagatako eskumenen kudeaketan lankidetza lanean irmoki sinesten dugu, zalantzarik gabe, eskualde kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa garatzen laguntzen baitu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!