"Zer egin Berrizko nerabeak eta jubilatuak elkartzeko?". Iazko ikasturtean, Berrizko BHI Institutuko irakasleak buruari eragiten hasi ziren, ea zelan batu itxuraz urruti dauden belaunaldiak. "Argi genuen institutua herriaren parte eta herria eraikitzeko beste baliabide bat bihurtu behar zela", argitu dute irakasleek. Talde biak batzeko modurik egokiena karta-jokoa zela erabaki zuten, tutea hain zuzen ere. "Jauzi generazional izugarria dago. Hala ere, argi dago alde biek badutela zer ikusi eta zer ikasi elkarrengandik. Alde biak batzeko proiektu erakargarri eta erraz bat aurkitzean datza gakoa. Gure ikasleek ez dakite karta-jokoan, eta nor hobeto jubilatuak baino jokoan erakusteko?", pentsatu zuten. Iazko Aste Santura bitartean, 4. DBHko ikasleek eta dozena bat jubilatuk tute ikastaroa hasi zuten, baina esperientzia ez zen horretara mugatu. Gerora, sendabelarrak aztertu eta identifikatzeko, eta ukenduak egiteko tailerra ere egin zuten. "Alde biek guztiz positibotzat hartu dute esperientzia", argitu dute. Aurtengo ikasturtean, DBHko 3. mailako ikasleak eta ia hogei jubilatu tutean ikasten dabiltza. Eta txapelketa bat ere antolatu dute; abenduaren 16an finalerdiak eta finala jokatuko dituzte, Berrizko Jubilatuen Elkartean. Jokoak belaunaldi bi batu eta gero, lehiak ez ditu banatuko.