Eztabaida polarizatu bati patxadaz heltzeko heldulekuak batu dituzu liburuan. Haurdunaldi subrogatuei buruzko 'meloia zabaltzeko' beharrizana ikusi duzu?
Bai. Haurdunaldi subrogatua etengabe agertzen da hedabideetan, baina diskurtsoa azalean geratzen da askotan, bai muturretako batean, eta baita bestean ere. Izenburuak polarizazio horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen ere. Alde batetik, aingeruen arketipo hori dugu. Hau da: haurdunaldi subrogatuen aldeko sektorean, emakume umedunak besteei laguntzeko prest dauden aingeru legez azaltzen zaizkigu. Eta, beste muturrean, feminismotik zein beste sektoreetatik eratorritako kritikak daude. Horietan, umeak ernaltzen dituzten emakumeak neskame edo esklabo legez aurkezten dira, kapitalismo patriarkalaren mesedetan alienatutako eta ustiatutako emakume gisa. Diskurtso kontrajarri horien bien aurrean, nik ez dut ez batarekin ez bestearekin bat egiten. Iruditzen zait lehenengoari kritika falta zaiola, eta ez dituela aintzat hartzen botere hartu-emanak eta honek dituen kontu ustelak. Bigarren diskurtsoa, berriz, orokorkerian, estereotipoetan eta emakumeen erabakimena ukatzean jausten dela iruditzen zait. Zaku berean sartzen ditu sinatu berri duen kontratua ulertzen ez duen Indiako emakume pobre bat zein praktika hau aktibismoagatik egiten duen klase ertaineko emakume kanadarra.
Liburuan agerian utzi duzu auziaren izaera poliedrikoa. Ezaugarriok nahita aletu dituzu?
Bai. Gai honen konplexutasuna aitortze aldera, interesgarria deritzot fokua ezagutza arlo bakoitzeko ezaugarrietan ipintzeari. Demagun gaia ikuspegi filosofiko batetik behatzen dugula. Kasu horretan, analisia teorikoa izango da, eta, beharbada, haurdunaldi subrogatuen kontra agertuko gara. Alabaina, auziari lege ikuspegi batetik behatzen badiogu, debekuek eta legeztatzeek ekar ditzaketen korapiloak ikusiko ditugu beharbada. Arlo perinatalera bagoaz, umedunen eta umeen eskubideak ipiniko ditugu eztabaidaren erdigunean. Aldiz, auziari ikuspegi antirrazista batetik heltzen badiogu, honako galdera hau egingo diogu geure buruari: zergatik kezkatzen gaitu hainbeste gai honek, eta zergatik ez gaituzte horrenbeste aztoratzen emakumeenganako beste esplotazio mota batzuek? Hala nola barneko etxeko langileenganakoak. Ertz horiek guztiak direla eta, liburua zazpi kapitulutan banatu dut.
Euskal Herriko mugimendu feministako 19 aktibista elkarrizketatu dituzu. Aukeraketa gatxa izan da?
Elkarrizketatuak hiru multzotan sailkatuko nituzke. Lehenengoan, adituak daude. Esate baterako, Itziar Alkorta zuzenbide zibileko irakaslea eminentzia bat da gai honetan. Haurdunaldi subrogatua landu du bere doktore tesian, euskal alderdi politikoak aholkatu ditu; argi neukan bere ekarpena handia izango zela. Bestetik, Josebe Iturrioz daukagu, Medeak taldeko kide ohia; eta baita Ianire De la Calva FeministAldeko kidea ere. Bi horiek sarritan egon dira hedabideetan eta mahai-inguruetan gai honi buruz hizketan. Bigarren multzoan, haurdunaldi subrogatuan ez baina gurasotasunean trebatutako adituak daude. Adibidez, Iosune Fernandez Centeno, adopzio trasnazionalei buruzko doktore tesia egiten dabilena. Interesgarria iruditu zait bere ekarpena, askotan adopzioa ipintzen da-eta haurdunaldi subrogatuaren alternatiba etiko gisa, eta nik neuk zalantzan ipini gura izan dut hori. Bestalde, gai perinatalei buruzko atalean, Ana Mendia emagina eta Estitxu Fernandez psikologoa ditugu. Azkenik, hirugarren multzoan, gai honekin hartu-emanik ez duten baina haien jakintza arloa interesgarria den kideak daude. Hor dago Miren Ortubay zuzenbide penaleko irakaslea. Haurdunaldi subrogatua askotan alderatu da prostituzioarekin, eta Ortubayren ekarpena interesgarria iruditu zait prostituzioaren penalizazioa haurdunaldi subrogatura estrapolatu daitekeen aztertzeko.
Sentitu duzu presiorik liburua idazterakoan?
Presiorik ez, baina bai kezka eta ardura. Liburuko feministarik gehienak haurdunaldi subrogatuaren praktikaren eta negozioaren aurkakoak dira. Kritikoak dira horrekin, eta gutxi gorabehera denek bat egin dute familiak ez direla estigmatizatu behar esatean. Hau da, modu kolektibo batean kritikatu behar ditugu sistema, negozioa, praktika, baina ez du zentzu gehiegirik norbanakoen kontra egiteak. Beharbada, gurasotasun mota hau aukeratu duten Euskal Herriko familia askok era akritiko batean egin dute hautua, eta ez dute zerbait txarto egin izanaren kontzientziarik. Hori ere lantzen dugu liburuan, izan ere, erronka da kritika politiko bat inor mindu barik egitea. Nirekin berba egin duten familia asko eskertuta agertu dira feminismotik jasotzen zuten mezua oso bortitza zelako. Entzuteko eta eztabaida pizteko grina igarri dute liburuan. Bestalde, ez naizenez ez mutur batean ez bestean kokatzen, alde bietatik egurra jasotzeko kezka hori nuen. Iruditzen zait jendeak eskertu egin duela eztabaidarako elementu berriak mahai gainean jartzea.
Zabaldu dezagun 'mapamundia'. Haurdunaldi subrogatuari buruzko zer errealitate ikusiko dugu munduan zehar?
AEBetan oso errotuta dago. Umeak sortzea edozein norbanakoren arteko negozio lez ikusten dute han. Errusian ere egonkortu den praktika da. Indian, emakumeak ospitale pribatuetan egoten ziren sartuta ernaltze prozesu osoan zehar. Baina, gerora, estatuak legea aldatu zuen, eta, momentu honetan, atzerritarrek ezin dute praktika hori han gauzatu. Ukrainako gerra hasi arte, euskal herritar askok hara jotzen zuen prozesua egitera, baina gaur egun herrialde hori aukera bat ez denez, Georgia dabil indarra hartzen. Mexikokoa ere kasu nabarmena da. Hango estatu bitan baino ez dago baimenduta. Dena dela, gainerako estatuetan debekua egon arren, epaile askok subrogazio akordioak onartzen dituzte. Kanadan, ostera, modu altruistan baino ezin da gauzatu haurdunaldi subrogatua. Baina zalantzak ditut horrekin, altruismoa sustatzeak arriskua ekar dezakeelako emakumeon osasun fisiko eta emozionalera. Oso eredu desberdinak daude herrialdeen artean, eta askotariko faktoreek esku hartzen dute: giza eskubideen urraketek, legeek eta sozioekonomiak, besteak beste.
Haurdunaldi subrogatuak zelan eragiten dio familiaren irudikapenari? Eredu berri bat eskaintzen du ala irudikapen klasikoa lehertzen du?
Liburuaren 6. atala horri buruzkoa da, hain zuzen ere. Segun eta zelan egiten den, gauza biak indartu daitezke. Adibidez, Gracia Trujillo ekintzaile queer-aren iritziz, haurdunaldi subrogatuak zalantzan ipini dezake gurasotasuna. Bere esanetan, ama izan zaitezke erditu barik, edo haurdun egon zaitezke gero ama izan barik. Edozelan ere, zalantzan ipintzen dut hori, gurasotasun bolloek horrekin apurtu dute eta. Liburuan sarri aipatzen da filiazio anizkoitza. Hau da, ume batek guraso bi baino gehiago izatea. Eraldatzaileagoa deritzot halako familia zabalagoak sortzeari. Umeak guraso sozialak eta guraso biologikoak izango ditu kasu horretan, eredu kolektiboago bat.