"Nobedadea izan da musika horrela idaztea"

Aritz Maldonado 2024ko aza. 8a, 13:30

Victor Durán, Igor Uruburu, Imanol Erdoiza eta Gorka Cabello. STYLEX STUDIO

Ainke talde durangarrak urtebete inguru eman du entsegu lokalean elkarregaz jotzera ohitzen, abesti berriak sortzen eta hauek grabatzen. Urrian, 10 gezur eta 3 tiro lana kaleratu eta gero, hau zuzenean aurkezteko asmoagaz dago orain Gorka Cabellok, Victor Duranek, Imanol Erdoizak eta Igor Uruburu 'Lepotxo'-k osaturiko laukoteak. Hurrengo hitzordua zapatu honetan dute, Berrizko Hiltegixe gaztetxean. Durangoko Azokak aste honetan iragarri du Ahotsenea musika gunean ere egongo direla lan berria aurkezten.

Pozik diskoagaz?
Imanol Erdoiza: Uste baino gehiago luzatu da denboran kaleratzea, baina emaitzagaz oso pozik gaude. Azken urtean dozena bat kontzertu baino gutxiago eskaini ditugu, diskoa grabatzea eta entseatzea lehenetsi ditugulako. Eta oso pozik gaude prozesu guztiagaz. 
Igor Uruburu 'Lepotxo': Aurreprodukzioko lan guztia geure kabuz egin dugu, eta asko ikasi dugu. Gainera, oso gustu desberdinak ditugu eta hori igarri egiten da abestietan. Bakoitzak bere ideiak eraman ditu lokalera, baina gero forma eman diegu bertan. 

Asko kostatu zaizue formato berrira egokitzea?
I. E.: Gorkaren beste proiektuaren (Garraio) garaian suertatu zen eta horrek erraztu du lana banatzerakoan. Adibidez, 'Lepotxo'-k idatzi ditu letrak, eta sekulako ekarpena egin du, baina ez letrekin bakarrik. 
I. U.: Apurka-apurka proposatzen hasi nintzen, eta rol hori hartu nuen, zeozelan esatearren. Letrak mimo handiz idatzita daude, eta istorio bat kontatzen dute, hasi eta amaitu. Esperientzia pertsonal bati lotuta hasi ginen lehenengo letra idazten, eta gero erabaki genuen hurrengo kantetako letrak ere horri lotzea; lapurreta eta ihesa idatzi genituen Beretta eta Chevy baltza abestietan. Horren ondoren, denok batu eta istorio osoa idatzi genuen.
I. E.: Guretzat ere nobedadea izan da horrela idaztea. Eta esango nuke inguruko taldeekin alderatuta ere horrela dela.  

Imanol Jareñogaz egin duzue berriro grabazioa.
I. E.: Beragaz grabatzea erabaki genuen, aurrekoan oso gustura egon ginelako. Meisonegaz egindako grabazioa erakutsi zigun eta soinua asko gustatu zitzaigun. Oso gustura geratu gara beragaz lan eginda.
I. U.: Berba onak baino ez ditugu. Bateria doinuak Berrizko Estoldetan grabatu genituen, eta gainerakoa gure lokalean. Abenduan hasi eta apirilean amaitu genuen, eta ez da erraza izan, agenda kontuengaitik.

Ainke soinura hurbiltzen zabiltzate?
I. E.: Inoiz ere ez dugu jakin zer erantzun estiloari buruz galdetu digutenean. Lehenengo diskoa ilunagoa eta astunagoa dela uste dut, eta bigarren hau ez dakit esaten. Entzun eta bakoitzak erabaki dezala.
I. U.: Victor metalzalea da, Gorka bere doinugintza bereziagaz, eta ni punkiagoa, bakoitzak bere ikutua ematen dio. Igarri dezakezu bakoitzak zer eman ahal izan duen, baina behin abestia borobilduta, denon ideiak ditu.
I. E.: Konposatzeko modua ere aldatu dugu urte honetan. Lehen esan dugun moduan, ideia lokalera eraman eta han landu dugu. Eta ez dugu beldurrik izan edozer probatzeko; gainera, ez diogu mugarik ipini geure buruari. Baditugu ideia berriak ere, eta gogotsu gaude horiek lantzeko. Ez da erraza elkarregaz entseatzeko geratzea, baina oso gogotsu gaude zuzenean jotzeko.   

Landakon entseatzen duzue, zelan laguntzen du horrek?
I. E.: Lokal barik talde bat ez da ezer. Edozeinek ez du lokal propio bat izateko erraztasuna, beraz, horrelako lokalak herri danetan egon beharko lirateke. Hiruzpalau lokal desberdin ezagutu ditugu hasi ginenetik, ordainpeakoak, eta lokal barik ere egon gara sasoi batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!