"Arimen Gaueko kalabaza elizako dorrean ipintzea itzela izan zen"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 31a, 12:30

Herminia Lazpita berriztarra, bizileku duen Legorreta baserriaren aurrean.

Berrizko Hormastegi baserrian jaio zen, 1935ean, eta ondo-ondoan dagoen Legorreta baserrian bizi da gaur egun. "90 urte egingo ditut laster", dio irribarre abegikorra ahoan. Halloween eta Ameriketako Estatu Batuetako ohiturak gure artera ailegatu baino lehenago, Euskal Herrian ospatzen zen Arimen Gauaren lekuko bizia da Herminia Lazpita Besoitagoena. Amama Maria Kristina Aldekoaren ahotik jaso zuen kalabazak hustu, aurpegi itxura eman eta ortuaria kandelekin argiztatzeko aspaldiko ohitura, etxean bertan. Gero, praktikara eraman zuen, kalabaza argiztatua elizako kanpandorrean herritar guztiek ikusteko moduan ipinita.

Kalabazak hustu eta kandelekin argitzeko ohitura aspaldikoa da Euskal Herrian, eta zu zeu zaitugu horren lekuko.
Etxeetan ere ipintzen ziren inoiz kalabazak, baina nik Berrizko elizako kanpandorrera igo ginenekoa dut akorduan. Berrizko baserri batera joan ginen kalabaza eskean, eliza ondoko baserri batera. Hartu genuen kalabaza, hustu genuen gero barruko argia kanpora atera zedin, eta begiak, sudurra eta ahoa egin genizkion; kanpandorreko arkuetariko batean ipini genuen, kanpaiaren kontra. Han egon zen kalabaza, barruko kandela amatatu zen arte. Gero, sakristauak-edo kenduko zuen, hura joaten zen-eta kanpaiak jotzera. Ekintza hori behin egin genuen, sakristauak kanpandorrerako atea zabalik utzi zuen batean. Abadeari esan ere ez genion egin. Kalabaza ipini eta aire. Beste urte batzuetan ere ahalegindu ginen ohitura errepikatzen, baina ordurako atea itxi egiten zuen sakristauak. 

Zelan jaso zenuten ohituraren berri?
Ohitura bat zen, lehenagokoek esandakoa. Gure amamak esaten zigun "Arimen Gauean, lehen, ba hauxe eta hauxe egiten zen", eta guk, ba egin.

Zelan zuen izena amamak?
Maria Kristina Aldekoa. Berrizko mojen komentuaren barruan etxetxo bat dago: Errota. Amama bertakoa zen, han jaiorikoa. Hartu-eman handia izan nuen beragaz; izan ere, elkarregaz lo egiten genuen. Oso kontularia zen. Lehengusuek ere esaten zidaten, "Herminia! Zu beti amamaren atzetik!". Arimen Gauean etxeetan kalabazak ipintzeko ohitura aspaldikoa zela berak esan zidan, eta nik kanpandorrean kalabaza ipintzeko ideia proposatu nien Berrizko ume batzuei. "Bai, bai, bai!" erantzun zuten umeek. Kalabazaren begiak ikusi, eta umeak barrezka hasi ziren; kalabaza kanpaiaren ondoan ipini genuenean, barreak algara bihurtu ziren. Ilunkeran ipini genuen eta han geratu zen, kandela amatatu arte. Amaitzen zenean, akabo. 

Herminia Lazpita, umetan, amama Maria Kristina Aldekoak lagunduta. (Argazkia: Berrizbeitia - Lazpita familia)

Zenbat urte zenituen orduan?
Hamazortzi-hemeretzi bat. Umeekin-eta asko ibiltzen nintzen orduan, irlanderak zelan dantzatu erakusten nien eta. Kanpandorrerako eskailera ondo ipinita egongo da orain, baina sasoi hartan ardura zen umeekin hara igotzea. Taula batzuk ziren, bitarteekin. Eta pentsa zelako altuera dagoen kanpandorretik behera! Azañatxo bat izan zen, azañatxo bat egitea.  

Eta zuek zelan zeundeten jantzita? Jantzi berezirik bazenuten soinean?
Ez, ez, ez, normal jantzita geunden. Kanposantuko egunak izaten ziren. Kanposantura joan eta hantxe batu ginen. "Ipiniko dugu kalabaza kanpandorrean?", esan genuen. "Utziko ote digute?", erantzun zuten ume batzuek. Igo ginen, eta egin genuen. Esango nuke Olakuetara begira dagoen arkuan ipini genuela, herriko bizimodurik gehiena alde hartan zegoen eta.

Akorduan daukazu kalabaza zein baserritan hartu zenuten?
Ez dakit seguru. Etxezurian izango zen. Etxezurian ala... han, elizostean, hiru etxe zeuden... euretariko batean izan zen, baina ez naiz akordatzen non.

Azken urteotan, Euskal Herriko hainbat bazterretan ugaritzen dabiltza garai bateko Arimen Gaua berreskuratzeko ekintzak. Zer irizten diozu?
A, bai? Ez dakit. Gure sasoian ondo irizten genion kalabaza hustu eta barrutik argitzea; gazte usaina zan-eta, zoro usaina (barrez). Baina, jakina, kalabazak hildakoren baten burezurra irudikatzen zuen, horixe zen bere esangura, eta hori beti izaten da tristea. Bestalde, ez dakit ba nik, lehengo ohiturak kontserbatzea ona da, ondo irizten diot. Antzinako gauzen falta igartzen dut. Gaur egungo gazteek ez dute honen guzti honen berririk. Orain dena da haserrea. Lehen, jendea elkar laguntzeko prest egoten zen, baterako zein besterako. Udala, abadea, mojak... denak. Guri, adibidez, Berrizko mojek erakutsi ziguten dantzan. Irlanderen dantza, hemen egiten zena, eurek erakutsi ziguten.   

Arimen Gaua dugu gaurkoa. 
Bai, baina ez gaude eskailerak igotzeko moduan! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!