Berri Txarrak, Dut eta Kuraia taldeetako bateria-jotzailea izandako Galder Izagirrek bere ibilbideko lehenengo bakarkako lana kaleratu zuen iaz, ESC (Forbidden Colours, 2023). Izagirrek berak konposatu ditu kantak, eta berak jo ditu musika tresna guztiak. Post punka, pop elektronikoa eta doinu dantzagarriak dituzten hamar abestik osatzen dute diskoa. Forbidden Colours diskoetxearen agur festan lagin txiki bat erakutsi eta gero, zuzeneko bira propioari ekingo dio gaur Berrizen. Kontzertua 21:00etan izango da, Berrizko Kultur Etxean. Ondoren, Sopelako (Bizkaia) kultur etxea bisitatuko du, besteak beste. Oraintsu, gainera, Amua lehiaketarako hautatu dute Ilunabarrean bideoklipa.
Luxuzko kideak
Izagirrek irailean jo zituen lehenengoz bere abestiak zuzenean. Oraingoan, luxuzko musikariak izango ditu alboan: Ilargi Agirre bateria jotzen, Onintze Garcia gitarra, Hodei Esteban baxua, eta Haize Carricaburu teklatuak. Izagirrek, abesteaz gainera, bateria eta gitarra joko ditu.