Berriz Kulturaz Blai zikloak Markeliñeren Art ilusio lanagaz agurtuko du aurtengo ekinaldia. Greta da antzezlan honetako protagonista. Adineko emakume maitagarri eta irakurzalea da bera. Pina bere laguntzailea da, egunero Greta esnatzeaz eta zaintzeaz arduratzen da. Gretak liburuak ditu pasio, eta alboan duen makina erraldoia ere liburu horiekin elikatzen da. Horrela, Gretaren bihotz taupadak eta makina sinkronizatuta daude, fantasiazko mundu bat eraikiz, pertsonaia eta testuinguru propioekin. Ikuslea mundu horretan murgiltzera gonbidatuko dute. Itziar Fragua, Fernando Barado eta Maite Bayon antzezleek azalduko dute magia hori; Iñaki Egiluzek koordinatu du obra.
Irailaren 26an izango da kaleko antzerki emanaldia, 17:00etan, eskolako patioan. Guztira, sei obrak osatu dute aurtengo Berriz Kulturaz Blai zikloa.