Jendetza batu da gaur arratsaldean Berrizen mediku faltaren aurrean protesta egiteko. Herrian zituzten hiru medikuetatik bakarra ari da lanean azken hilabeteetan. Atzo Osakidetzak iragarri zuenez, urriaren 1ean bigarren mediku bat lanean hasiko da Berrizen. Hala ere, manifestazioaren deitzaileek mobilizazioekin aurrera egitea erabaki dute. Osakidetzaren erabakia "albiste ona" dela dioten arren, "ez dela nahikoa" irizten diote. "Ez litzateke izango iragarpena egin eta agindutakoa betetzen ez duten lehenengo aldia", azaldu dute.
Hirugarren mediku plazari dagokionez, Berrizko kontsultategiari dagokion hirugarren plaza BAME berriak kontratatzea barne hartzen duen iraileko Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren eskaintzan sartuta dagoela azaldu du Osakidetzak. "Hau promesa izatera ere ez da heltzen. Borondate onaren erakusle baino ez da momentuz".
Manifestazioaren antolatzaileek diote Osakidetzak ez duela autokritikarik egiten. "Osakidetzaren eta lehen arretaren egoera ez da gertaera puntual bat, bi hamarkadatan egindako murrizketen emaitza da".
Hartara, momentuz manifestazioaren deitzaileek mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute, ostegunetan, 12:00etan. Biharko Zaldibarren deitutako manifestazioagaz bat egin dute eta Durangon urriaren 3an mobilizaziora deituko dutela iragarri dute.