[ARGAZKI GALERIA]: Transiberica ultra, Urbietaren eta Astorkiaren balentria berria

Joseba Derteano 2024ko ira. 18a, 09:13

Jon Urbietak (Berriz, 1986) eta Kepa Astorkiak (Berriz, 1978) beste balentria bat egin dute bizikletan, orain arteko gogorrena. Iazko ekaineko Basajaun proba —800 km eta 15.000 metroko desnibel positiboa— lekutan utzi dute abuztu amaieran egindako Transiberica ultracycling-egaz: 2.800 kilometro bederatzi etapatan, 36.000 metroko desnibel positiboa gaindituta.

Italia iparraldeko Bolzano hirian hasi eta Bilbon amaitu zen proba. "Oso proba gogorra", Urbietaren esanetan. "Egunean 18 bat ordu egiten genituen bizikletan. Ordu asko dira. Batez beste, 290 kilometro egin genituen eguneko. Orain arte egin dugun erronkarik gogorrena izan da, baina amaitu dugu, eta oso pozik gaude", gaineratu du. 

Bidean paisaia ederrekin gozatu zuten eta mendi mitikoak igo zituzten (Stelvio, Mont Ventoux…) eta horrek bideko miseriak arintzen lagundu zuen: "nekea, gosea eta logurea". Etapa bakoitzeko irteera eta helmuga lotzeko ibilbideak parte hartzaileek eurek erabaki zituzten. Batzuetan, puntu bien arteko ibilbiderik laburrena aukeratu zuten berriztarrek, baina ordainetan "desnibel itzelak" igo behar izan zituzten. Beste batzuetan, gurago izan zuten itzulinguru bat eman, desnibela arintzeko. 

Gorputzari asko exijitu zioten: mina "belaunean, gerrian…" eta "medikuarenera bueltatxo bat edo beste" ere bai. Egunik gehienetan kalean lo egin zuten; behin, banketxe bateko kutxazain gelan ere bai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!