Ez bat, ez bi. Hiru gura dituzte. Momentu honetan mediku bakarra dago Berrizko anbulatorioan herritarrak artatzen, eta arratsalde honetan, herriko kaleetan dozenaka lagun mobilizatu da bakarra izatea nahikoa ez dela adierazteko. Osakidetzak orain arte ezarritako irizpideen arabera, berriztarrei eta garaitarrei udalerriko kontsultategian hiru mediku egotea dagokie.
Azaldu dutenez, udaberritik hona egoerak "okerrera" egin du: "Maiatzaren 24an, inork ezer jakinarazi barik, hiru mediku izatetik bakarra izatera pasatu ginen. Egoera are eta gehiago larritu da udan, medikurik barik geratu ginenean", esan dute. Momentu honetan mediku bakarra dabil osasun arreta ematen. Horrez gainera, "informazio gabezia" dagoela kritikatu dute: "Ez dakigu Osakidetzak etorkizunerako zein asmo duen, baina jasotzen dugun informazioa kontraesankorra da, hedabideen bitartez baino ez dugu jasotzen, eta horrek areagotu egiten digu inork aintzat hartzen ez gaituen sentipena".
Gaurko manifestazioa Berrizko pentsiodunen mugimenduak antolatu du. Manifestariek kaleak zeharkatu dituzten bitartean hainbat lema oihukatu dituzte: "Osakidetza defenda dezagun", eta "Ez bat, ez bi, hiru mediku gura ditugu" besteak beste. Manifestazioa udaletxeko plazan hasi da, eta Olakuetan amaitu.
Irailaren 12an, eguenean, kontzentrazioa egingo dute anbulatorioaren aurrealdean. 12:00etan izango da.