Mediku falta salatzeko mobilizazio berriak iragarri dituzte Berrizen

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 5a, 14:19

Berrizko pentsiodunen mugimenduak herriko osasun zentroko mediku falta salatzeko elkarretaratze berri bat egin du gaur. Opor sasoiaren osteko lehena, baina, jakinarazi dutenez, ez azkena. Datorren astean deialdi berri bi egingo dituzte-eta. Manifestazioa martitzenean eta kontzentrazioa eguenean.

Gaur egindako kontzentrazioan "haserre eta kezkatuta" azaldu dira "Lehen Arretak bizi duen mediku falta" dela-eta. Udaberritik hona egoerak "okerrera" egin duela iritzi diote. "Maiatzaren 24an, inork ezer jakinarazi barik, hiru mediku izatetik bakarra izatera pasatu ginen. Egoera are eta gehiago larritu da udan, medikurik barik geratu ginenean". Hori dela eta, abuztura arte egoera salatzeko mobilizazioak egin zituzten, eta, gaur, pausa baten ondoren, horiei berrekin diete: "Egoerarekin konforme ez gaudelako eta etsitzen ez dugulako erabaki dugu mobilizazioekin jarraitzea", esan dute.

Datorren martitzenean, hilaren 10ean, manifestazioa egingo dute udal plazatik Olakuetara. Martxa 19:00etan abiatuko da. Irailaren 12an, eguenean, kontzentrazioa egingo dute anbulatorioaren aurrealdean. 12:00etan izango da. Bestalde, Berrizko pentsiodunek eskualde osoari begirako manifestazio bat antolatzeko ideia landuko du gainerako eragileekin. Proposamenak aurrera egiten badu, udalerriak eskualde mailako manifestazioa hartuko du irailaren 19an. "Izan ere, egoera honek ez dio Berrizi bakarrik eragiten. Kaosa eta mediku falta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan dago. Ospitaldeak eta Larrialdi zerbitzuak ere oso txarto daude", adierazi dute. Era berean, zaldibartarrak izan dituzte gogoan. Bihar bertako herri mugimenduak antolaturiko kontzentraziora batzeko deialdia egin dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!