German Aldekoa herriko txistularia zena gogoan izango dute aurtengo San Pedro eta Santa Isabel jaien hasieran

Aritz Maldonado 2024ko eka. 25a, 08:30

Iazko jaien hasierako irudia.

Berrizko San Pedro eta Santa Isabel jaiak ekainaren 28an hasiko dira eta uztailaren 2ra arte iraungo dute; aurtengo jaiek 74.600 euroko aurrekontua dute.

Berriztarrei amaitu zaie itxaronaldia, eta, urtebeteren ondoren, herriko jaiak gozatuko dituzte berriro. Ekainaren 28an ekingo diote festari, Iremiñe dantza taldeko kideek pregoia irakurri eta gero. Ondoren, Donien Atxa altxako dute eta Dantzari Dantzako azken entsegua egingo dute. Dantzek protagonismo berezia izango dute aurtengo jaietan, izan ere, San Pedro eguneko Dantzari Dantza oraintsu hil den German Aldekoari eskainiko diote. Aldekoa herriko txistularia izan da urte askoan, eta Alejandro aitagaz eta Jon anaiagaz batera oso lotuta egon da San Lorentzo dantza taldeari eta dantzari orokorrean. Lehenengo eguneko jaia borobiltzeko, Luhartz taldeak erromeria egingo du Elizondo plazan, eta Ezta Ilen zaldibartarrek eta Agur eta Las sexpeares taldeek kontzertua emango dute txosnagunean. Ez da musikazaleek edukiko duten hitzordu bakarra izango. Egun bat geroago, Kohatu talde berriztarrak kontzertua joko du Zilibito Records taldeagaz, eta uztailaren 1ean Les Testarudes talde katalanak ska eta reggae doinuz beteko dute eskolako patioa. Horiez gainera, hainbat DJ arituko dira zenbait egunetan; adibidez, Oihan Vegak Elizondo plaza girotuko du ekainaren 29an.

San Pedro eguna berezi egiten duten beste ekitaldietariko batzuk paella lehiaketa, herri bazkaria eta mozorroen jaitsiera dira. Kuadrillak goizetik joaten dira udaletxeko lorategiko tokia erabakitzen duen zozketara. Bestalde, txosnagunean herri bazkaria egingo dute. Txosna batzordeak gai berezia proposatu du mozorro jaitsierarako: zinema. Beraz, inor ere ez dadila harritu Berriz zinema plato erraldoi bihurtuta ikusten badu eta filmeetako protagonistak hara eta hona ikusten baditu. 

Sua lagun

Jaiak nobedade bategaz amaituko dituzte aurten Berrizen; Su lagunkoia ekitaldiagaz, hain zuzen ere. Su artifizialen eta petardoen erabilera jaietan eztabaidagai izan da azken urteetan Euskal Herriko hainbat lekutan, eta jai batzordeko kideek herritar guztientzako moduko ekitaldi bategaz amaitu gura dituzte festak, Su lagunkoiagaz. 23:00etan izango da hori, eta, beraz, udaletxeko lorategian aukera bikaina egongo da jaiak borobiltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!