Zapatuko Amaraune mendi probari ibilbide laburra gehitu diote

Anboto 2024ko eka. 20a, 09:00

Berrizko mendi lasterketa Etiketa Berdea egitasmora batu da aurten.

Berrizko Amaraune mendi lasterketa egonkortzen dabil apurka-apurka eta zapatu honetan hirugarren aldia egingo du. Nobedadeekin dator, gainera. Esaterako, ohiko ibilbide luzeari (21 km) 12 kilometroko laburrago bat gehitu diote aurten. "Proba laburra eramangarriagoa da eta herriko jendea nahiz luzea egiten ausartzen ez den edonor animatu dadin sortu dugu", adierazi du lasterketako antolakuntza taldeko Aiert Agirrek.

Ibilbide luzeak 1.100 metroko desnibel positiboa du, eta laburrak 500 metrokoa. Biak Elizondo plazan hasiko dira, luzea 09:00etan eta laburra 09:30ean. Lasterketak iaz baino ordubete lehenago hasiko dira, eguerdirako iragarrita dagoen beroa saihesteko. Proba luzeak Berriz inguruko hiru mendi zeharkatzen ditu: Sarrimendi (604 metro), Gaztelumendi (532 m) eta Oiz. Oizen Iturzurigana ingururaino helduko dira. 

Lasterketarako izen-ematea eguen gauerdira arte dago zabalik. Izen-ematea LOTURA HONETAN egin daiteke.

Etiketa Berdea

Eskualdeko beste hainbat mendi lasterketak harturiko bideari jarraituta, aurten Etiketa Berdea egitasmora batu da Amaraune. Horrela, antolatzaileek hainbat neurri hartu dute elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituriko lasterketa sustatzeko. 

Aurtengo aldia Bizkaiko Trail Ligarako puntuagarria izango da.  Lehenengo hiru gizon eta emakumeek saria izango due proba bakoitzean: irabazleak 150 euro, txapela, garaikurra eta lore sorta; bigarrenak eta hirugarrenak garaikurra eta lore sorta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!