Protestak Berrizen anbulatorioan mediku bakarra egongo dela-eta

Anboto 2024ko mai. 23a, 08:33

Osakidetzak Berrizen harturiko neurri berriaren aurkako protestak deitu ditu herritar talde batek gaurko. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute anbulategi parean, eta arratsaldeko 19:00 manifestazio batek Berriz zeharkatuko du. Berrizko Udalak, Berrizen dauden hiru mediku-plazei eusteko konpromisoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari, gutun bidez. 

Hain zuzen ere, gaurtik aurrera, maiatzak 24, Berrizko anbulatorioan mediku bakarra egongo dela ohartarazi du Osakidetzak anbulatorioan bertan ipinitako karteletan; ondorioz, Osakidetzak iragarri du pazienteak "premiazko arazoengatik" baino ez dituztela artatuko "aurrez aurre". Hala ere, Osakidetzaren arabera ez dute aurreikusi osasun arreta murriztea "inolaz ere". "Egungo hiru profesionaletatik bik, beste destino batzuetara lekualdatzea eskatu dute, beren eskubidea erabiliz. Hala ere, inork ez du destino gisa Berriz eskatu, eta beraz hutsik daude. Une honetan kontratatu daitezkeen espezialisten eskasia kontutan hartuta eta irailera arte, MIR prestakuntza amaitzen den arte, ezin denez espezialista berririk kontratatu, Osakidetza zerbitzua gertuko beste osasun zentro batzuetako profesionalen laguntzarekin ematen neurriak ezartzen ari da", azaldu Osakidetzak Berrizko Udalari emandako erantzunean. 

Herritar talde batek egoerarekiko bere haserrea adierazi, eta neurri horren aurkako protestak iragarri ditu. Mobilizazio bi deitu dituzte eguenerako. Lehenengoa goizean izango da, anbulategi parean; bigarrenak Berriz zeharkatuko du, udaletxetik irten eta gero. Mobilizazio bietara Berrizko pentsiodunak, EH Bildu, Azeri Gorriak eta Ernai batu ziren, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!