Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain bertsolariek bertsoa oinarri duen Itzal(iko) bagina emanaldia eskainiko dute zapatuan Berrizen. Bertsolaritza da emanaldiaren abiapuntua, eta eskolarte bateko finalean kokatzen da hortik eta heldu arorako trantsizioa. "Hiru pertsonaiaren trama kontatzen du, bertsolarien munduagaz lotura duena; eskolartekotik helduarora pasatzen den bide horretan gorpuzten eta zeharkatzen dituzten gatazkak azaleratzen dira", azaldu du Araitz Katarain bertsolari mallabitarrak. Emanaldia erronka bat izan dela azpimarratu du gazte mallabitarrak: "Aurretik, eskolan baino ez dut egin antzerkia, ezer seriorik ez, eta alde horretatik erronka handia izan da niretzat. Hala ere, Iraitz Lizarragak asko lagundu digu". Lizarragak egin ditu zuzendaritza lanak. Horrez gainera, modu kolektiboan lan egin ahal izatea ere nabarmendu gura izan du Katarainek: "Geu arduratu gara guztiaz, eta horri garrantzia eman gura genioke".
Lokatz Loreak kolektiboaren parte dira Katarain, Bilbao eta Arrizabalaga, eta Friki saioak izeneko emanaldiekin hasi ziren euren kabuz lehenengo ekintzak antolatzen. "Orain dela uda bi sortu genuen kolektiboa; bertso munduan gure lekua topatu guran elkartu ginen hirurok. Friki saioak egin eta gero, Lankutik idatzi ziguten, euren laguntzagaz bertso emanaldi bat egiteko proposamenagaz", azaldu du mallabitarrak. Zapatukoa estreinaldia izango den arren, aurretik Loraldia jaialdiaren barruan emanaldi bat egin zuten. "Orduan egin genuenetik aldaketa txiki batzuk prestatu ditugu entseguetan. Gogotsu gaude, jendeak hainbesteko lanaren emaitza ikusteko. Urduri gaude, eta pozik, aldi berean", azaldu du Katarainek.
Emanaldi gehiago udazkenean
Barrurako emanaldia da Itzal(iko) bagina; hortaz, uda aurretik emanaldi gutxi batzuk gehiago emango dituzte. Horietan lehenengoa maiatzaren 5ean, Villabonan (Gipuzkoa); 19:30ean izango da, Gurea aretoan. Bigarren aukera maiatzaren 25ean izango da, Lemoan (Bizkaia); emanaldi hau ere 19:30ean izango da, kultur etxean. Oraindino lotzen dabiltza udazkeneko datak.