"Horrelako kontzertu bat Berrizen bertan ikusi nuen lehenengoz, Viva Belgradoren kontzertua, eta ikusle modura esperientzia itzela izan zen. Beste modu batera bizi izan nuen kontzertua, eta ordutik beti izan dut gogoa musikari modura horrelako zerbait probatzeko", adierazi du abeslariak. Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Dabadaban eta Gasteizko Jimmy Jazzen aurkeztu du 'Nara' hile hauetan, Asier Renteriagaz, Antton Goikoetxeagaz eta Paule Bilbaogaz batera.
Abestiek geruza nahikoa dute. Gatx egin zaizue zuzenekora moldatzea?
Lokalean prestatzen duzuna zuzenekoan jotzea ez da erraza izaten, bai nerbioengatik, bai teknikoki ez zaudelako ohituta. Orain askoz ere puntu hobean sentitzen naiz; kontzertu asko eman ditugu, areto garrantzitsuetan gainera, eta horrek lasaitasuna ematen dizu, eta kontzertua disfrutatzeko aukera gehiago ere bai. Hala ere, kontzertu bakoitza mundu bat da, eta onenetarikoa Oñatiko gaztetxean eman genuela uste dut. Beharbada teknikoki ez du antzoki batek izan dezakeen oinarria, baina gero, han sortzen den giroa itzela da. Uste dut Berrizen horrelako zerbait gerta daitekeela, eta horregatik gaude gogotsu.
Hainbat urte daramazu musikagintzan, baina orain arte ez duzu lan luzerik kaleratu. Zergaitik orain?
Ez da horrela erabakitako zerbait izan. Gauza bat baino ez neukan argi, Jon Agirrezabalaga Zabala-gaz lan egin nahi nuela; hortik abiatuta, denak osotasun bat hartu du. Abestiak hartu, eta produkzio lanarekin eta nire ahotsarekin koherentzia bat eman diogu guztiari.
Oso berba zuzenak edo gordinak idazten dituzu. Hainbeste zabaltzeak bertigoa ematen dizu?
Uste dut nahiko inkontzientea naizela horrekin; sortzen duzun momentua eta kaleratzen duzuna oso desberdinak dira, baina gauza bera erakusten ari zara. Nik bakarrik sortu ohi dut, eta azaltzen ari naizen sentimendu horiek ez dago makillatzerik gero kaleratzerakoan. Idatzi dudana hor dago eta kito; egia esan, horri ez diot buelta gehiegirik ematen eta uste dut horregatik ez ditudala nire abestiak gehiago entzuten kaleratze prozesuan. Kantak egin ahala entzuten ditut, baina kaleratu eta gero publikoarenak dira, eta horregatik ez dut bertigorik.
Bira honetan Paule Bilbao batu da proiektura. Zelan beragaz lanean?
Uste nuen baxu-jotzaile bat ekarri behar genuela taldera, eta, gainera, emakumea izatea nahi nuen. Hori argi nuen, eta Paule laguna izateak ere ilusioa egiten zidan, badakidalako bere sentsibilitatea zein den, badakidalako nire musika ulertzen duela, eta, beraz, nahiko erraza izan zen berarekin akordatzea. Logistikoki ez zen hain erraza izan, Madrilen bizi delako, eta, alde horretatik, entseguak egitea nahiko zaila izan da. Baina oso erraz egin du, eta zuzenekoari beste intentsitate bat eta beste dimentsio bat ematen dizkiola uste dut, eta bere musikalitatea ekarpen handia da.
Oraintsu Viva Belgradogaz kolaboratu duzu, Low taldeko Mimi Parkerren omenezko bilduman ere parte hartu duzu, eta proiektu askotan aritu zara. Gustuko duzu jende desberdinagaz lan egitea eta musika estiloen artean jauzi egitea?
Raparen munduan hasi nintzen, gero reggaea ezagutu nuen, metala etorri zen gero... Satelite baten modukoa naiz. Tribu asko ezagutzen ditut eta lagun asko ditut tribu desberdinetan. Bakoitzaren ekarpena baloratzen dut. Gauza desberdinak egiten ditut, baina, era berean, nik gauza berdina egiten dut denbora guztian. Orduan, erronka berri bakoitzari nola aurre egiten diodan, horretan dago koherentzia, nire tokitik egite horrek zentzua du.