Valentin Lasuen Olabegoia organojole, pianista eta txistulari berriztarra gaur goizaldean hil da 89 urte zituela. Hileta elizkizunak eguaztenean, 18:00etan, izango dira Berrizko Jon Ebanjelari Deuna parrokian.
Lasuen parrokia horretako organojolea izan zen makina bat urtean, domeketako mezetan nahiz hiletetan. Orain urtebete pasatxora arte jarraitu zuen zeregin horretan. Organoa zegoen tokira igotzeko eskailera aldapatsuengatik uztea gomendatu ez baliote, luzaroagoan ere jarraituko zuela uste du Maribi Urutxurtuk.
Urutxurtuk ondo ezagutzen zuen Lasuen. Izan ere, Lasuen txistu irakaslea eta txistularia ere izan zen eta hainbat urtetan Iremiñe Dantza Taldeko txistulari jardun zuen Urutxurturekin batera. Orain 42 urte buruko isuria izan zuen eta txistua alboratu egin behar izan zuen, baina organoa jotzeari sekula ez zion utzi.
Lasuenek, bere emaztearekin batera, zapata denda bat ere izan zuen Berrizen. Zapatak ez ezik denetariko arropak eta gauzak saltzen zituzten eta jubilatu arte izan zuten zabalik.
Ohikoa zen Iremiñeko nagusien asteburupasetan eta bazkarietan. "Izaera animosoa eta jendearekin egoteko gaitasun handia zituen. Baita sekulako memoria ere", azpimarratu du Urutxurtuk.