Aurtengo aurrekontuan inbertsioetako diru atalik handienak honako hiru proiektu hauek izango dute; proiektu nagusia kiroldegiko estalkia eraberritzea izango da. Lan horretarako, 166.821 euro bideratuko dituzte. Horrez gain, Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria ere egingo dute. Honek 103.455 euroko aurrekontua izango du. Udaletik azaldu dutenez, hau %100ean Bizkaiko Foru Aldundiaren funtsekin finantzatzea aurreikusten dute. Hirugarren proiektu nagusiena, Kultur Etxeko ekipamenduak berriztea da. Horretarako 70.000 euroko partida bideratuko dute.
Bestalde, laguntzen atalean ere igoerak daudela jakitera eman dute. Emantzipatzeko eta alokairua babesteko laguntza-lerro berri bat sortzeko 15.000 euroko partida sortu da, eta lankidetzarako, kiroletarako eta hezkuntzarako laguntzen partidak handitu dira. Horrez gain, enpresak sortzeko 24.000 euroko partida ere mantenduko dutela jakinarazi dute.