Gurrutxagak eta Galartzak Berriz bisitatuko dute, 'Almazenean' antzezlanagaz

Aitziber Basauri 2024ko urt. 12a, 10:00

San Antonio jaietako egitarauaren barruan antzezlan berria taularatuko dute bihar, urtarrilak 13, Kultur Etxean.

Erretiroa hartzeko dagoen arduradunak eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak, ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean. Horixe du ardatz Txalo Produkzioak konpainiaren Almazenean obra berriak, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituela.

David Desola idazle katalanak sorturiko komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnartu gura du. Horretarako, erlojuaren tik-tak okerra, ezezagun biren arteko isilune deserosoa, itxaroten egotearen amorrazioa, pertsonaia biren arteko gatazka eta gezur handi baten zama baliatuko ditu. Baldintza horietan, langile bien arteko hartu-emana estutzen joango da eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientziak. Antzezlan honek Hermanos Machado Saria jaso zuen. Berrizko Kultur Etxean taularatuko dute, bihar, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!