“Inoiz ere ez da erraza maite duzun norbait galtzea, baina berba eginez beste era batera onartzen duzu”

Aritz Maldonado 2023ko abe. 15a, 12:00

Aitor Monje eta Karmen Amezua berriztarrak.

Ingurukoak galtzeak gurutzatu zituen Aitor Monje eta Karmen Amezua berriztarren bizitzak. Dolu prozesuak gune desberdinetan elkartu zituen eta prozesu horretan izandako gabeziak betetzeko, eta jasoriko ekarpena bueltatu guran, Hitz egin dezagun heriotzatz jardunaldiak antolatu zituzten iaz, lehenengoz. Aurten, berriro ere antolatu dituzte.

Euskal Herrian geroago eta gehiago dira horrelako esperientziak partekatzen dituzten guneak, baita Durangaldean ere. Mallabian, adibidez, berbaldia antolatu dute gaurko. Gabonetan, dolua bizitzeari buruz arituko dira Isabel Garitagoitia, Igone Amesti eta Karmen Amezua. Berrizen, hilaren 21ean, eguena, Iratxe Lejarretak eta Valen Estebanek euren testigantza emango dute, Kultur Etxean, 19:00etan.

Heriotzari buruzko jardunaldiak antolatu dituzue aurten ere. Pozik harreragaz?
Karmen Amezua:
Gertuko baten galerak gugan sorturiko horretan sakontzeko, edo horri buruz berba egiteko, zenbait tokitan elkartu ginen Anakotz Lasarte, Aitor eta hirurok. Konturatu ginen ezinbestekoa zela heriotzaz edo doluaz berba egitea. Heriotza hor dago eta berba egiten ez badugu, heltzen denean ez gaude prest. Inoiz ere ez da erraza izango maite duzun norbait galtzea, baina berba egin ahala beste era batera onartzen duzu. Heriotza hor dago, bizitzaren parte da, eta horretaz berba egin behar da. Gure helburua ez da inor horretara derrigortzea, baina gura duen pertsonari toki bat eskaini gura diogu, aukera hori eman. Ikasi ere egiten da, gainera. Berba eginez gero, zerk lagundu dezakeen edo zerk ez ikusi dezakegu.
Aitor Monje: Dolua prozesu bat da, norberak egiten duen lan bat. Berba egiteak lagundu egiten dio ondokoari, baina baita norberari ere. Jendearen aurrean berba egiteak unibertsala den gai bat normalizatzen lagundu dezake. Pozik gaude jendearen erantzunagaz, jende asko etorri zelako iaz, eta baita aurten ere. Hala ere, ez dugu hau kopuruagaitik antolatzen. Ate bat zabaltzea bilatzen dugu, zelanbait; partekatzeko beharrizana duenak espazio hori izan dezan gura dugu, berba egiteko.

Zelan egin aurre dolu prozesuari?
K. A.: Dolua prozesu indibidual bat da; ez daude bi, ez daudelako pertsona bi berdinak. Gehituko nuke, galera bera izanda ere, prozesua desberdina dela. Nire kasuan, semea hil zen, eta etxean hiru geratu gara; bakoitzak bere prozesua darama, galera bera izan arren. Bakoitzak ahal duen moduan egiten dio aurre minari. Nire kasuan, heldu zen momentu bat, ikasitako guztia beste norbaiti lagungarria izango zitzaiola uste nuena. Eta partekatzeak niri ere on egiten dit, jakina, beti ikasten dudalako zerbait. Baliagarria da ikusten duzulako inguruan badela beste norbait kezka berdinekin, ez zarela munstro bat.
A. M.: Heriotza estali egiten da, isilarazi egiten da, baina beharrizan bat dagoelako berba egiten da horri buruz. Jendeak behar du berba egitea, edo entzutea, edo dena delakoa, eta horren adibide da mota honetako jardunaldien kopuruaren gorakada. Pandemiaren eraginez, sentsazio hau areagotu egin dela esango nuke, jende asko bakarrik sentitu delako.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!