Pop eta trikitixa doinuak uztartu, eta bestelako soinu eta erritmo batzuetara bidaiatu dute orain Eneritz Gorritxategi, Edurtzeta Ania, Markos Murillo, David Vallejo eta Peio Agirre musikariek; Ene Badaz gainera, Alerta, Storm, Kherau eta MPB taldeetan ariturikoak dira, besteak beste. Orain, baina, country, irish folk, world fusion, mex eta ambient doinuetara hurbiltzeko baliatu dute abagunea. "Trikiaren soinuak markatu egiten du melodien zeruertza, hurbildutakoan beste zeruertza aurkituz. Ahotsen arteko jokoak, gitarren indarrak, baxuaren txertaketa biribila bateriagaz. Gai pertsonalak kolektibizatu dituzte feminismoaren ikuspegitik. Bai, hausnarketa zintzo baten bitartez, emakumea goraipatu gura du Haize-Arrosa taldeak", azaldu du Baga Bigako Ritxi Aizpuruk.
Debuteko lana Berrizko Lorentzo Records estudioan grabatu dute, Aitor Ariñogaz; irailean egin zituzten grabazio lanak. Letretan, hainbat kideren laguntza izan dute berriztarrek, besteak beste, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo 'Abarkas', Unai Iturriaga eta Miren Agur Meaberena. Orain, lana zuzenean aurkezteko gogoa dute.