Durangaldeko hiru bertsolarik kantatuko dute bertan: Gorka Pagonabarraga durangarrak, Iruri Altzerreka garaitarrak eta Eneko Abasolo 'Abarkas' iurretarrak; Lekeitioko saioa irabazita, 'Abarkas' zuzenean sailkatu zen Berrizko finalerdira, 466 puntu eskuratuta. Berrizen arituko den seikotea Aitor Etxebarriazarragak, Koldo Gezuragak eta Xabat Galletebeitiak osatuko dute. Itxaro Juaristi abadiñarrak egingo ditu gai jartzaile lanak.
Bigarren finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da, eta bertan kantatuko dute Durangaldeko beste hiru sailkatuek: Aitor Bizkarra, Bittor Altube eta Txaber Altube abadiñarrek. Eurekin batera, Jone Uria, Mikel Goiriena eta Unai Mendiburu arituko dira. Serantes kultur aretoan izango da saioa. Azaroaren 25ean izango da hirugarren eta azken finalaurrekoa. Bertan, Nerea Ibarzabal azken txapeldunak, Onintza Enbeitak, Ibai Amillategik, Oihana Bartrak, Josune Aramendik eta Aissa Intxaustik kantatuko dute. Lemoako udal kiroldegian izango da saioa, 17:00etan.
Bilbo helmuga
Finalaurrekoetako saioen irabazleak zuzenean sailkatuko dira Bilboko finalera, eta gainerakoek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Finala abenduaren 16an izango da, Bilbo Arenan. Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.