Amaia Egidazu ilustratzaile berriztarrak dinamizatuko ditu saioak; Dorotea liburuaren egilea da, besteak beste. Talde bitan banatuta (3-5 urte eta 6-8 urte), kontakizunekin gozatu eta irakurtzeko ohiturak sustatzeko gune bihurtuko dute Kultur etxeko Sarrimendi aretoa. Guraso eta umeen arteko lotura afektiboak garatzeko ere baliagarria da, Berrizko Udalak ohar batean azaldurikoaren arabera, izan ere, umeek eurentzat erreferentea den heldu bategaz joan beharko dute saioetara. Urtea amaitu bitartean, lau saio egingo dituzte: irailaren 27an, urriaren 25ean, azaroaren 29an eta abenduaren 20an. Izena emateko, liburutegi@berriz.eus helbidera idatzi behar da.
Alfabetatze ikastaroa
Bestalde, Berrizko Udalak emakume migratzaileei zuzenduriko alfabetatze eta ahalduntze ikastaroen bigarren edizioa ipini du martxan. Astelehenean hasi zen, hilak 18, eta ekainaren 24ra arte iraungo du; astean lau orduko saioak izango dira, astelehen eta eguazten, 10:00-12:00 bitartean. Urte osoan zehar egongo da izena emateko aukera, eskaintzen diren plaza kopurua bete bitartean. Ekimen hau Udaleko Berdintasun arloko ahalduntze feministako ikastaroen barruan sartzen da. Besteak beste, gizarte bazterketa jasateko arriskua duten emakume migratzaileei Berrizen integratzen laguntzeko eta horiek lan merkaturako prestatzeko helburua du ikastaroak.