Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Urriaren 1ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian

Anboto 2023ko ira. 14a, 10:27

Txapelketaren aurkezpeneko argazkia.

Abenduaren 16an amaituko da, Bilbon; finalaurrekoetako saio bat Berrizen izango da

Urria hasteagaz batera ekingo diote Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren faseari. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko (horietariko bat Berrizen, azaroaren 11n) eta finala jokatuko dira. Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute; tartean, Durangaldeko hamar lagunek. Araitz Katarainek (Mallabia), Txaber Altubek (Abadiño), Bittor Altubek (Abadiño), Garikoitz Sarriugartek (Zaldibar), Iruri Altzerrekak (Garai), Ander Sarriugartek (Durango), Igor Galarzak (Abadiño) eta Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek (Iurreta) lehenengo kanporaketetan abestuko dute; 2021ean finalista izan ziren Gorka Pagonabarragak (Durango) eta Aitor Bizkarrak (Abadiño) finalaurrekoetan kantatuko dute zuzenean; Berrizkoan lehenengoak, eta Santurtzikoan bigarrenak. Final handia Bilbao Arenan izango da, abenduaren 16an. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta punturik gehien lortzen duten bost bertsolariek abestuko dute bertan.

Kanporaketa saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. 

Urriaren 21etik aurrera
Bestalde, Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bederatzigarren ikasturtean izena emateko epea zabaldu dute. Plazako bat-bateko jardunari begira trebatu gura duten emakume* bertsolarientzako eskola da Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Parte hartu gura dutenek irailaren 29rako eman beharko dute izena, eta urriaren 21ean hasiko da ikasturtea. Talde bi sortuko dira, bata Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan, eta bestea Amasa-Villabonako Subijana etxean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!