Frankismoko biktimak gogoratzeaz gainera, Memoria eta Giza Eskubideen lehenengo zikloa antolatu dute Berrizen

Jone Guenetxea 2023ko ira. 7a, 09:22

Artxiboko irudia.

Irailaren 11n, frankismo garaiko biktimak gogoratzeko ekitaldia egingo dute Berrizen, Felipe Urtiaga plazan, 18:00etan.

86 urte beteko dira Felipe Urtiaga eta José Agirre berriztarrak Derioko (Bizkaia) hilerrian fusilatu zituztenetik; urte bereko abuztuan, Gregorio Urkijo fusilatu zuten, eta urte batzuk geroago Fermin Aranguren hil zuten, Asturiasen (Espainia). Bestalde, 19:00etan, Txintxaun Kolektiboa antzerki taldeak Beste munduan elkar ikusi arte antzezlana estreinatuko du. Jarraian, 19:30ean, Berrizko Memoriaren eta Giza Eskubideen Taldeak ziklo berri bat martxan ipiniko du, Kultur Etxean. Egitarauan hiru proiekzio batu dituzte eta lehenengoa, Metalez eta ekinez hazia dokumentala, datorren irailaren 11n izango da, 19:30ean. Labayruk eta Berrizko Udalak elkarlanean ekoizturiko dokumentala da eta bere proiekzioak herriko historia lantzea du helburu. 1950eko hamarkadatik aurrera Berrizko herriak izandako aldaketa kontatzen du. Nekazari herria izatetik industria herria izatera igaro zen Berriz.

Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, ekonomia ez ezik biztanleria ere hazi egin zen, eta herritarren bizimodua aldatu. Bideoak urte horiek guztiak laburbiltzen ditu. Ikus-entzunezkoan hainbat berriztarren testigantzak batu dituzte.

Torturari buruz
Torturari buruz Ander Iriartek zuzenduriko Karpeta Urdinak dokumentala proiektatuko dute irailaren 12an, 18:30ean. Dokumentalaren osterako, solasaldia antolatu dute. Iriarte ikus-entzunezkoaren zuzendaria, Julen Arzuaga Oso latza izan da. La tortura en Euskal Herria liburuaren koordinatzailea eta biktima bat batuko dira berbaldian.

Zikloa amaitzeko, The lost sould of Siria dokumentala emango dute, irailaren 13an, 18:30ean. Stéphane Maiterre eta Garance Le Caise zuzendarien lanak Sirian gertaturikoa mahaigaineratzen du. Atxilotu eta hil arte torturatu zituzten zibilen 27.000 argazki lapurtu zituen Siriako erregimeneko artxibo sekretuetatik Caesar gako-izena duen militar batek. 2014an argitaratu ziren, baina ordutik nazioarteko justizia ezinean dabil Siriako Gobernua auzipetzeko. Kasua ahaztuta geratuko delakoan, biktimen senideak eta aktibistak, Caesar bera eta Almudena Bernabeu abokatu espainiarra, besteak beste, egia eta justizia bilatzen ahalegintzen dabiltza Europa osoko hainbat auzitegitan.

Orain arte, 1936 Berriz Gogoratzen Kultur Elkarteak antolatzen zituen memoriaren inguruko ekitaldiak. Taldeko kideek azaldu dutenez, elkartea bertan behera uztea erabaki dute. Udalak arlo honetan erantzukizuna hartu behar zuela iritzita, alderdi politiko guztiekin bildu zirela azaldu du Maite Arrizabalaga elkarteko kideak. Gauzak horrela, udalak aurten dei zabala egin du irailaren 11ren inguruko egitaraua osatzeko. Batzar horietatik sortu da Berrizko Memoriaren eta Giza Eskubideen Taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!