Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua idazteak 273.788 euroko kostua izango du

Anboto 2023ko abu. 30a, 09:00

Durangaldeko Mankomunitateak Berrizko belodromoko obrak 2025ean hastea aurreikusten du. 

Berrizko Marino Lejarreta belodromoa estaltzeko planak aurrera jarraitzen du. Dagoeneko Durangaldeko Mankomunitateak esleitu du proiektua eta Artabe Arquitectos enpresak izango du proiektua idazteko ardura. 273.788 euroko kostua duen lana 13 hilabetetan eginda egon beharko da eta horren ostean obra lizitazio publikora aterako dute. 

Mankomunitatetik jakitera eman dutenez proiektu hau funtsezko pausoa da eskualdean bizikleta bultzatzeko. Honek Durangaldea bizikletaren 0 km bihurtzen lagunduko baitu, pistako, errepideko, BTTko eta ziklo-kroseko txirrindularitza bateratu eta txirrindularitzako Errendimendu Handiko Zentroa hartuko duelako. Lanak bere osotasunean 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. 

"Lan handia egin dugu ekimen hau aurrera ateratzeko. Asmo handiko proiektua da, erakundeen babesa du eta bizikleta bultzatzeko eta txirrindularitza Durangaldeko eta Euskadiko hazkunderako moto berri bihurtzeko pizgarria da", azaldu du Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko jarduneko lehendakariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!