Iturzurigana tontorra gehitu diote Berrizko Amaraune mendi lasterketari

Anboto 2023ko eka. 22a, 09:54

Artxiboko irudia. Argazkia: Amaraune

Berrizko Amaraune elkarteak izen bereko mendi lasterketaren bigarren aldia antolatu du zapaturako, eta nobedade bat baino gehiagogaz dator. 

Ibilbideari dagokionez, aurtengoa kilometro bi luzeagoa —19 kilometro— eta gogorragoa izango da: 800ekoa barik 1.000 metroko desnibel positiboa izango du. Iazko mendi tontor biei —Sarrimendi eta Gaztelumendi— beste bat gehituko diote, Iturzurigana, eta korrikalariak hango gurutzearen ondotik pasatuko dira. Horrela, Berrizko beste tontor "enblematiko" bat gehituko diote ibilbideari, Amarauneko Mikel Gonzalezen berbetan. "Ibilbideari luzera apur bat falta zitzaiola sentitzen genuen eta jende gehiagorentzat erakargarri egin gura genuen", arrazoitu du Gonzalezek. Maila handiagoko korrikalari gehiago batu gura dituzte, baina afizionatuak direnei eutsita. Bien arteko oreka bilatzen ahalegindu dira. "Korrikalariek lasterketa eta bertarako prestaketa erronka lez hartzea gura dugu. Azken batean, mendirako zaletasuna sustatzea dugu helburu", gehitu du.

Parte hartzaile berriak erakartzeari lotuta dago aurtengo bigarren nobedade nagusia: lehenengo hiru sailkatuentzat diru sariak egongo dira: 150 euro, 100 euro eta 50 euro, hurrenez hurren.  

Lasterkerta etzi izango da, zapatua. 10:00etan hasiko da, Elizondo plazan, eta hantxe bertan amaituko da. Lasterketa martxan den bitartean, umeei begirako jolasak eta lasterketak egingo dituzte. Korrikalarien artean zozketak ere egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!