Berriztu izenagaz, bigarren eskuko produktuekin azoka egiten dute Berrizen, baina iaz, herriko sortzaileen lanak ezagutzera ematen laguntzeko asmoagaz, sortzaileen azoka ere antolatu zuten, lehenengoz. "Azoka honegaz, Berrizko sortzaileei euren lanak eta proposamenak herritarren artean ezagutarazteko aukera eman gura diegu, haien ogibidea izan zein ez", azaldu dute antolatzaileek. Zapatu goizean zehar, Berrizjauregiko lorategi botanikoan (udaletxe parean) sortzaileen lanak erakutsiko dituen mahaiak egongo dira. Estreinako edizioan baino mahai gutxiago egongo diren arren, giro onean egingo dute herriko sortzaileen lana ezagutzera emateko ekimena. "Agian ez dugu datagaz asmatu, baina pozik gaude hala ere, hainbat parte hartzaile egongo da eta", azaldu dute.