“Literatura ez da zaletasunik popularrena, baina sortzen duzun hori konpartitu ahal izatea positiboa eta inportantea da”

Anboto 2023ko eka. 18a, 10:30

Idazle gazteei publikatzen laguntzen dien Donostia Kultura saria jaso ostean, Julen Apella (Berriz, 1998) berriztarrak 'Postal bat desertuan' poesia liburua kaleratu du; Balea Zuriagaz argitaratu du.

Donostia Kultura saria irabazi ostean publikatu duzu lana. Igarri duzu presiorik?
Sari bat irabazteak ikusgarritasuna ematen dizu, hedabideetan agertzen zara, idatzi duzunak balioko duen galdetzen diozu zeure buruari, eta iruzurtiaren sindromea ere hor dago; beraz, presio puntu hori badagoela esango nuke. Baina nahiko modu naturalean daramadala esango nuke.

Zelan dago egituratuta liburua?
Nahikoa buruko min eman dit horrek ere. Izan ere, poema asko nituen idatzita, baina liburu bihurtzerako orduan, logika bat, koherentzia bat, ordena bat eman behar izan diot; azkenean, bata bestearen atzean ilaran ipintzea erabaki nuen. Ez nuen ikusten sailkapen tematiko bat egitea, iruditzen zitzaidalako badagoela tonu komun bat edo errepikatzen dena poema askotan, eta interesgarriagoa iruditzen zitzaidan poemen arteko oihartzun horiek edo erreferentzia internoak irakurleak lotu behar izatea. Hori esanda, egia da badaudela sailkapen txiki batzuk ere. Esango nuke lehenengo erdikoak sozialagoak, deskriptiboagoak eta ilunagoak direla; eta bigarren zatikoak ironikoagoak, alaiagoak edo gozagarriagoak. Baina aurpegi bi horiek ere nahiko lotuta daudela uste dut; beraz, ez da sailkapen zorrotz bat.

Idazterakoan ere, bilatu egiten dituzu alde bi horiek?
Uste dut zerbait naturala dela dualtasun hori. Gutxi bizi gara zurian edo beltzean, eta asko mugitzen gara grisetan; eta hori, nahitaez, poemetan islatzen da. Egon daitezke poema alaiagoak, ilunagoak, tono konkretu bat dutenak, baina gehienak dualtasun horietan mugitzen dira. Ez dut uste kontzienteki bilaturiko zerbait denik, baina bai nahitaez irten den zerbait.

Gaiari dagokionez, poema bakoitza mundu bat da. Kasu batzuetan, kontzienteki edo ez, idatzi daiteke zerbait esateko, eta, horretarako, idazkera moldatuko da, eta guztiz zilegi da hori, baina, nire kasuan, ideia konkretu batetik idazten dudala esango nuke; irudi batetik, sentimendu batetik edo esaldi konkretu batetik hasten naiz sortzen, eta geroko esperimentazio eta jolaste hori gustatzen zait. Hala ere, ez dut esan gura dena formatik eta formagaitik idazten dudanik. Beti ditut asmo konkretu batzuk, baina askatasun hori eskertzen dut, gusturago idazten dut hortik. 

Erreferentzia ugari egiten duzu poemetan; baita zitetan ere, zineari, musikari, literaturari...
Bai, hainbat dago. Alde batetik, aitortza lez egin dut. Uste dut inork ere ez duela zerotik sortzen. Zuk erreferentzia batzuk dituzu, gustuko autore batzuk, eta inkontzienteki, esplizituki edo forma inplizituago batean imitatzen ahalegintzen zarela uste dut. Irakurtzeko gustuko dudan hori idazten ahalegintzen naiz. Niretzat, hori aitortza bat da, beraz. Irakurleari pistak emateko ere baliagarriak dira, poemak nondik jo dezakeen ikusi dezake eta. Zalantza ere izaten dut, erreferentzia asko ipinita zenbat irakurtzen duzun erakutsi gura duzula eman dezake eta. Baina niri gustatzen zait beste autoreek ere erreferentziak idazten dituztenean.

Batez ere, poesiara bideratu duzu sorkuntza, hortaz. 
Bai, orokorrean bai. Noiz edo noiz egin dut saiakera narratibatik, baina poesiak askatasun puntu bat ematen dit hizkuntzagaz esperimentatzeko. Ez diot beti horrela denik poesian. Narratiban ere aukera asko dago esperimentatu eta gauza berriak egiteko, baina ni testuinguru horretan nago erosoen. Baita ikuspuntu praktikoago bategaitik ere. Gure bizimoduan mila gauza dugu egiteko; jan, lan eta lo egin behar dugu, eta gure hartu-emanak ere baditugu; beraz, idazteko ezin da gura beste denbora atera. Ez da oso erromantiko geratuko, baina zentzu funtzional batetik begiratuta ere, poesiak aukera gehiago ematen dit, beste genero batzuekin konparatuta, Azken horiek, beharbada, diziplina edo denbora gehiago eskatzen dizkidate.

Baduzu liburua inguruotan aurkezteko asmorik?
Donostian egin nuen liburuaren aurkezpena. Hemen oraindino ez dugu ezer antolatu, baina baliteke zerbait egitea; oraindino gatx da esateko.

Azken urteetan, Elena Olabek eta Leire Vargasek poesia liburuak atera dituzte. Laguntzen du? 
Kuriosoa da ikustea Durangaldean mugimendu bat sortu dela azken urteetan. Bien lana miresmenez jarraitu dut, pertsonalki ezagutzen ez ditudan arren. Orain arte, bazterrean egon naiz, zelanbait esatearren ez naiz existitu idazle modura. Publikatu dituzten liburuak ez ezik, bestelako lanak ere jarraitu ditut; adibidez, Berbaz aldizkariaren bueltakoak. Eta hor dago, nik uste, polita dena. Ez dakit belaunaldi kontu bat den, baina egia da literaturagazko zaletasuna duen talde bat batu dela, eta interesgarria da horrelakoak sortzea; literatura ez da, beharbada, zaletasunik popularrena, baina gutxi horien artean sortzen duzuna konpartitu ahal izatea positiboa eta inportantea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!