"Hain ohikoak ez diren kiroletan dabiltzan emakumeak gonbidatu gura genituen, euren esperientziak azaldu zitzaten", azaldu du Maite Umerriko kideak. Maite Castrok berak, Garazi Arrazolagaz batera, joko dinamikoei buruzko saioa emango du, maiatzaren 17an. "Joko kolaboratiboak eta mugimenduzko jokoak egongo dira, batez ere". Bigarren berbaldia Eneritz Lizardi eta Helena Barrenetxea zestalariek emango dute, maiatzaren 25ean. Azkenik, Haizea Lomba berriztarrak eskaladako hastapen praktikak erakutsiko ditu maiatzaren 30ean, rokodromoan.
Herritarrek izena eman beharko dute tailerretan parte hartzeko; horretarako, ikastaroakumerri@gmail.com helbide elektronikoa zabaldu dute. Tailerrak doakoak dira eta edozein herritar dago gonbidatuta.
Lankidetza elkarteekin
Umerriko kideek hainbat eragilegaz berba egin dute jardunaldi hauek prestatzeko; Berrizko Udalagaz, guraso elkarteagaz eta Azeri gorriak talde feministagaz, adibidez, eta aurrerantzean ere herriko beste eragileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute.