Berriz kirol klubarentzat ez da edozein urte aurtengoa. Sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen ari dira eta gizonen talde nagusiak ospakizun horretara batu gura du. Hirugarren Erregionala amaitzeko bi jardunaldiren faltan, bigarren postuan daude (Amorebieta C da liderra eta mailaz igoko da). Atzo 4-1 menderatu zuten Bakio Berrizburun Liher Freireren gol biri eta Mikel Agirreren eta Joseba Blancoren gol banari esker, eta bolada onari eusten diote: azkenengo 14 partiduetatik 13 irabazi dituzte eta bat berdindu dute. "Aurten jende berria etorri da eta hasieran taldea egitea kostatu zitzaigun, baina abenduan partiduak irabazten hasi ginenean, konfiantza hartu genuen", adierazi du Mikel Agirre taldeko kapitainetako batek.
Berriz golik gutxien jaso duen taldea da 23 golekin eta, beraz, une honetan Iker Gonzalez atezaina da mailako Zamora. Aurrealdeari dagokionez, Liher Freire inspiratuta dabil. 17 gol daramatza taldera aurten batu zen 19 urteko zornotzarrak.
Gainera, nagusiena ez da maila bikainean dabilen talde bakarra. Kadeteak lider daude Bigarren Mailako euren multzoan orain arte jokatutako 20 partiduetatik 17 irabazita.
Ekimenak urte osoan zehar
Klubak makina bat ekimen antolatu ditu denboraldian zehar urteurrena ospatzeko. Esaterako, aurten klubeko federatuen bazkaria berreskuratuko dute denboraldi amaieran eta maiatzaren 13an urte askoan klubeko bazkide direnekin beste bazkari bat egingo dute. "Kluba gaur egunera heldu bada urte askoan lan handia egin duen jende askorengatik izan da eta eurei merezi duten errekonozimendua eman gura diegu", adierazi dute klubeko agintariek.
Beste ekimen berezi bat honako hau da: gizonen partiduaren atarian klubaren historian garrantzitsua izan den jendea omentzea. Besteak beste, 1998-99 denboraldian ligako txapeldun geratu zen emakumeen taldea omendu dute aurten. Goretti Hernandez izan zen talde hartako entrenatzailea eta Nati Landa ordezkaria.
1998-99 denboraldian liga txapeldun geratutako emakumeen taldeari egindako omenaldia. (Argazkiak: Pablo Freire)