“Nirekin akordatu badira kariñoz ibili direla iruditzen zait eta horrek poza ematen dit”

Goiena 2023ko mar. 26a, 10:35

Xabier Amuriza Sarrionandiak (Zornotza, 1941) aurtengo Monzon-Ganuza saria jaso du. Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea fundazioak emandako saria da eta Euskal Herriari, kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu. Joan zen eguenean jaso zuen saria, Bergarako Seminarixoa aretoan. Hona hemen Goienak Amurizari egindako elkarrizketa.

 Zer da zuretzat aitortza hau?
Poza, poz handia. Daukan izenagatik, Monzon-Ganuza. Bizitza politikoan, sozialean eta pertsonalean zerbait baino gehiago izan dira. Bergaragatik ere bai. Bergaran historia luzea eta erreferentzia handiak dauzkat, batez ere bertsolaritzan hasi nintzenean. Bergarako pilotalekuan betekadak izaten ziren, eta nik hori beti daukat gogoan. Sari bat da, ezustean etorria. Ni ez naiz borrokatu ezertan, ez naiz lehiatu ezertan eta bat-batean sari honek halako barne olatu baten moduko poza ematen dit. Urteetara baditut lagunak nire izena ahotan erabili dutenak. Nirekin akordatu badira kariñoz ibili direla iruditzen zait eta horrek poza ematen dit. Joan zen astean bildu zen jendeak hori erakutsi zidan eta nik orain daukadan adinean pozak behar ditut. "Harro?", galdetzen didate. Niri harrotasunak orain ez dit ezer ematen, niri pozak ematen dit, eta hau poz handia da, eta luzea.

Zer izan ziren zuretzat Telesforo Monzon eta Josefa Ganuza?
Telesforo eta Josefa apaiza nintzela ezagutu nituen. Derion Bizkaiko apaiz talde batek, Gogor izenekoak, itxialdi luze bat egin genuen 68an, eta gero Gogor izeneko disko bat atera genuen. Disko klandestinoa zen, noski, eta hori iparraldera eraman behar zen, Telesfororen eta Josefaren etxera. Jose Antonio Retolaza eta biok joan ginen. Apaiza hura ere. Mini Morris txiki batean joan ginen, Klaudio Gallastegi izeneko Bilboko San Antongo parrokoagaz. Gallastegik 140 kilo zeuzkan eta hura eraman genuen koltxoi bezala. Gizon ikaragarria sotana eta guzti, trumoiaren bezalakoa zeukan ahotsa. Pasatu ginen eta mugara iritsi ginenean esan genion: "Klaudio, hauxe da zure ordua". Beste aldean, gendarmeek alto egin ziguten. Pentsatu Mr. Beenen kotxearen bezalakoa, atera ezinik, gendarmeak begira. Halako batean, gizon puska hori zutitu zen sotana eta guzti, eta hitz hauek esan zituen: "Y ahora quién se hace responsable de reintroducirme en esta caja de cerillas?". Gendarmeak harrituta geratu ziren, eta aurrera jarraitzeko esan ziguten. Telesforo arduratu zen disko klandestino hori kaleratzeaz. Bere momentuan sona handia izan zuen eta gaur egun ere batzuek kontserbatzen dute disko hori. 

Sari honek utopiarekin lotzen den izena dauka.
Monzonen esaldi batetik dator hori. Oradore handia zen eta utopikoak erabili zuten. Izen hori asko gustatzen zait. Literaturan eta abar utopia maite izan dut eta maite dut. Azken batean, literatura bera ere utopia bat da. 

Ibilbide oso bati emandako saria da. Pozik zaude zure ibilbidearen inguruan nabarmentzen diren pasarteekin?
Nik neure bizitzaz idatzi ere asko idatzi dut. Ez neure bizitza kontatzeagatik, baizik eta neure garaia, neure aroa, neure historia eta Euskal Herriaren historia kontatzeagatik. Ulertzen dut neure bizitzaren laburpena egiterakoan, beste edozeinekin gertatzen den bezala, pasarte batzuk aukeratu egin behar direla. Normalean pasarte garrantzitsuak aukeratzen dira. Sari banaketan ere atera ziren eta nire oroimenean ez dago baloraziorik. Denak dira nireak. Nire oroitzapen nagusiak haurtzaroan daude, baina ni ez naute omenduko nire haurtzaroagatik. Nire oroimenaren eta sentimendu guztien oinarrian haurtzaroa dago. Gogoratzen didaten edozer gogoratzen didatela ni haurtzarora eta nerabezarora noa. 

Apaiz garaiko urteak indartsuenak izan zirela esan izan duzu. Gaur egun oraindik ere errebelde?
Errebeldia intelektuala, lehen baino gehiago. Kemena beharbada gutxiago. Euskal Herriak, eta munduak oro har, ez dute motiborik ematen errebeldia hori jaisteko. Gertatzen dena da laster 82 urte egingo ditudala. Baina ni oso kobardea eta beldurtia izan naiz, agian beste irudi bat eman dudan arren. Hala ere, indar batek aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Orain beste aro batean nago. Egia esan, orain planeta honek ez dit askorik ardura.

Zelan ikusten duzu gaur egungo gizartea?
Gizartea gaur egun ez dut gehiegi ikusten. Ez nago gizarteko zurrunbilo horretan lehen ibiltzen nintzen moduan. Orain, jubilatuen elkarretaratzeetan eta horrelako tokietan egoten naiz. Halako ezaxola puntu batekin jarraitzen dut. Saiatzen naiz ez sufritzen, nire sufrimenduak ez duelako ezer aportatzen. Badakit gutxi falta zaidala bizitza hau bukatzeko, luzeena izanda ere. Azken urte argi hauek beste baretasun batean igaro nahi ditut, eta baretasun horretatik distantzia batera begiratu munduari. Horrela bizi nahi dut. Idatzi eta sortu ere bai, nire mailan. Idazten ere banabil, baina ez dut liburu gehiago argitaratuko. Sarean ipiniko dut, eta kito. Liburua argitaretzeak denbora darama. Urtebetean bueltaka ibiltzeko gogorik ez daukat. Tesitura horretan pozik nago. Osasunagaz zortea izan dut orain arte. Maiatzaren 3an 82 urte egingo ditut eta uste dut helduko naizela, Etxanon dagoen Santa Kurutzin egun-pasa egiteko asmoa dut eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!