Julen Apella berriztarrak irabazi du Donostia Kultura VI. poesia lehiaketa

Anboto 2023ko mar. 22a, 09:14

Postal bat desertuan lanagatik jaso du saria gazte berriztarrak. Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) Euskal ikasketetan graduatua da EHUn, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak ere egin zituen. Postal bat desertuan Apellak publikatu duen lehen lana da.

Atzo, martxoak 21, Poesiaren Munduko egunean jaso zuen Donostia Kultura Poesia lehiaketaren saria. Sari ekonomikoa, 1.000 eurokoa da; horrez gainera, Apellak Imanol Larrinagaren margolan bat jasoko du, eta Balea Zuria argitaletxeak idazlana argitaratuko du. 

Epaimahaikideek balorazio hau egin dute: "Ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarrienak erabiliz, gogoetari bideak irekiz. Belaunaldi baten ahots gisa ere altxatzen da, baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du. Poema askotan bat egiten dute egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak, eta liburuari osotasuna ematen dioten zenbait osagai baliatzen ditu: zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora, erlojuak".

2019an Elena Olave durangarra finalista izan zen Zeldak poema liburuagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!